GARA > Idatzia > Ekonomia

Mendekoste Eguna jai izango da berriro Estatu frantsesean

A.M. |

Senatuak eta Asanblea Nazional frantsesak legea moldatu ostean, Jean-Pierre Raffarinen gobernuak, 2005ean Mendekosteko astelehena laneguntzat izendatzeko hartutako erabakia bertan behera geratu da berriki.

2003ko udan izandako bero izugarriak 15.000 hildako eragin zituen, batez ere, adin handiko pertsonen artean. Hondamendi hark izugarri hunkitu zuen gizartea eta gobernuak, elkartasunaren izenean, Mendekosteko astelehena lanegun izendatu zuen, egun horretako soldata ezindu eta zaharrentzat bitartekoak jartzera bideratuz.

Azken hiru urteetan zalaparta eta kontraesan ugari izan da neurria aplikatzerakoan, askok -tartean eskola eta erakunde publikoak- jai egiten jarraitu baitute, nahiz eta soldata-egun hori beste egun batean lan eginez edo metatutako gehiegizko orduetatik bideratu elkartasunezko funtsetara.

Orain, «malgutasuna» behar dela aitortuta, Mendekoste bazko bigarrena jaiegun bilakatu da berriro; baina, hori bai, beste jaiegun batean -Maiatzaren 1ean edo oporretan izan ezik- lan eginez, metatutako orduetatik edo beste era batean, soldataren ekarpena egiten jarraitu beharko da, «eraginkorra» delakoan. 2007an, esaterako, 2.300 milioi euro jaso ziren.

UMPk eta UDFk moldaketaren alde bozkatu dute. PSk eta PCk, aldiz, aurka. Azken alderdi bi hauek, ez dute inoiz onartu zama hori soldatapekoen gain jartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo