Gazteen aurkako polizia operazioen «gezurrak» salatu dituzte Barakaldon
Azken hilabeteotan indar polizialek egindako atxiloketen helburua gazteen militantzia politikoa eta «Segi-ko kide» gisa «autoinkulpatzea» izan dela adierazi zuten atzo eta horregatik, zabaldutako informazioak «gezurrak eta kriminalizazio saiakerak» direla salatu zuten.
Manex ALTUNA |
Otsailaren 19an Polizia espainolak Gasteizen atxilotutako Bergoi Martínezek eta maiatzaren 6an Ertzaintzak Barakaldon atzemandako Mikel Petuyak gazteen aurkako polizia operazioen helburua «militantzia politikoa» izan dela azaldu zuten atzo.
Nahiz eta, komunikabideetan atxiloketen arrazoia azaltzeko kale erasoak egotzi zizkieten, «Segi-ko kide izatearen autoinkulpazio bila» mugatu direla azaldu zuten.
«Ziegetan ikusi dugu horrekiko zutela ardura, gure militantzia politikoarekiko. Galdeketetan arreta eraso zehatzen inguruan jarri baino, Segiko kide izatearen autoinkulpazioaren bila aritu dira. Beren helburu behinena gu Segikoak ginela aitortzea izan da eta gazte antolakundearen inguruko informazio eske aritu dira etengabe». Beraz, «kanpora begira esan dituztenak gezurrak, kriminalizazio saiakerak eta ustelkeriak» direla salatu zuten.
Segurtasun indarrek «inpunitate osoz» eta «arrazoi politikoen arabera» jokatzen dutela salatu zuten, «batzuek PSOEren agindura, besteek UMP, UPN edo EAJren agindura».
Sarekada horien bidez, «beldurra zabaldu» nahi dutela esan zuten eta Euskal Estatu Sozialistaren proiektuan «eten bat eragin». Hori erakusten duten frogak ugariak direla nabarmendu zuten: «Kolore guztietako poliziek herrietan garatzen ditugun dinamikak eteten eta gaztetxeak ixten dituzte». Izan ere, gogoratu zutenez, Barakaldoko operazioaren ondoren gaztetxea itxi zuten kale borroka ekintzak prestatzeko tokia zela esanez.
Halere, borrokatzea merezi duela berretsi zuten, eta indar polizialen estrategia antzua dela. «Borrokari esker egungo bi estatuen eredu kapitalista zalantzan jarri dugu, borrokaren bidez lortu dugu herri hau aukeraz beteriko eszenatoki honetara ekartzea eta borrokaren bidez boterea lortzen ari gara, egungo egitura zalantzan jartzea».
«Atxilotu gaitzakete, torturatu, espetxeratu, kalean jazarri, mehatxatu, jarraitu, isunak jarri... baina guk ordezkatzen duguna suntsiezina da», ohartarazi zuten gazteek.
Sarekaden bitartez «beldurra» zabaldu nahi dutela salatu eta estrategia hori «antzua» dela ohartarazi zuten, «atxilotu, torturatu eta espetxeratzen gaituzten arren, borrokatzea merezi du-eta».