GARA > Idatzia > Euskal Herria

Asier Etxenike presoaren lagun batek auto istripua izan du

GARA |

Asier Etxenike euskal preso politikoaren lagun batek auto istripua izan zuen kartzelara bisitan zihoala. Buruan hartutako kolpearen ondorioz, erietxera eraman zuten. Bertan, medikuek azterketa egin ostean, grapa batzuk jarri zizkioten buruan eta alta jaso zuen.

Errepresaliatu donostiarraren lagunak Burgoseko espetxerako bidean izan zuen istripua.

Errepresioaren kontrako antolakundeak gogor salatu zuen sakabanaketak eragindako istripu hau, eta «erantzukizuna PSOErena eta sakabanaketaren aurrean isilik eta geldirik dauden alderdi eta instituzioena» dela adierazi zuen.

«Espetxe politikak presoak suntsitu eta beren senide eta lagunak zigortzen dituela errepikatu izan dugu behin eta berriz eta, halere egunez egun esaten dugunaren adibide berriak iristen zaizkigu», azaldu zuen.

Sakabanaketak dagoeneko 16 pertsona hil dituela gogorarazi du, eta «neurri hori mantentzeak ezbehar eta heriotza gehiago ekartzeko borondatea» besterik ez duela erakusten salatu zuen.

Langraitzera martxa

Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen askatasuna eskatzeko martxa bat egingo dute gaur goizean Langraizko espetxera.

Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra, Josu Uribetxebarria arrasatearra eta gainerako preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea du xede ekimenak eta horretarako, autobusak antolatu dituzte herri ezberdinetan.

Eguerdiko 12.00etan izango da hitzordua Lupidanan eta ordu erdian Langraitzeko espetxera heltzea espero dute .

Ekimena Algortako eta Arrasateko plataforma ezberdinek antolatu dute, eta presoen eskubideen defentsan lan egiten duen Salhaketa elkartearen eta beste batzuen babesa ere badu.

Bestalde, 35 pertsona mobilizatu ziren atzo Hondarribian euskal preso politikoen eskubideen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo