GARA > Idatzia > Errugbia

Aviron Baionakoak ez du barkatu, eta mailari eusteko txartela eskuetan dauka

AUCH 19

AVIRON 23

J.L. | BAIONA

Avironek urrats handia eman zuen mailari eusteko atzo Auchen zelaian garaipena erdietsita. Zuri-urdinek ezin zuten sailkapeneko azkenekoaren zelaian hutsik egin, eta ez zuten egin, egin beharrekoa egin baitzuten lapurtarrek.

Aviron ez dabil ongi bigarren itzuli honetan, etxetik kanpo huts asko egin baititu. Atzo aurrean zuen taldeak jadanik maila galduta zuen, baina arriskutsuak izan ohi dira talde hauek, eta are gehiago Avironek etxetik kanpo egindako bidea ikusita.

Pemejaren mutilek, ordea, bazekiten zer egin behar zuten. Hala ere, gauzak oso oker hasi ziren, hirugarren minutuan etxekoek transformatutako entsegu bat gauzatu baitzuten. Bost minutu geroago, ordea, Dourthek zigorra gauzatu zuen, eta markagailuko aldea murriztu zuen; dena dela, Avironek lehen zati honetan ezer gutxi egin zuen.

Auchek aurrera egin zuen, eta zuri-urdinak estutu egin zituen. frantziarrek beste hiru puntu lortu zituzten zigor bat gauzatuta, eta Aviron 10-3 galtzen joan zen atsedenera.

Bigarren zatian, euskaldunek hobetu beharra zeukaten, eta horixe egin zuten. Bigarren zatia hasi eta berahala Dourthek entsegua egin zuen, eta berak gauzatu zuen transformazioa, 10-10 berdinduz. Hortik aurrera euskaldunak gehiago izan ziren, nahiz eta sufritu egin behar izan zuten. Cortések, kanpotarren jaurtitzaileak, ez zuen hutsik egiten, eta horrek estutu egin zuen Aviron; bigarren zati honetan ordea, Dourthe buru zutela, ongi aritu ziren, eta lau puntu batu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo