Neskak
Entsegu bat nahikoa izan du Getxok Kopa irabazteko
Bizkaitarrek oso norgehiagoka ona egin zuten, nahiz eta aurrean azken hiru urtetako txapelduna izan, eta zazpi urteren buruan txapela berreskuratu dute
J.L. | DONOSTIA
Getxo Arteak irabazi zuen emakumezkoen Kopa, atzo Zaragozan. Bizkaitarrek oso partida zaila zuten, izan ere, INEF Bartzelona baitzen egungo txapelduna, bai eta azkeneko hiru urtetakoa ere. Askoren ustez, berau zen egungo talderik onena, baina atzo Getxok partida bikaina egin zuen, eta merezita lortu zuen garaipena.
Euskaldunak oso azkar aitzineratu ziren, laugarren minutuan Silvia Ruizek entsegua gauzatu zuen, eta Eva Rincónek transformazioa gauzatu zuen. Kataluniarrek erasoari ekin zioten, eta hamabosgarren minutuan zigor-kolpe gat gauzatu, eta markagailuko aldea murriztu zuten. Hortik aurrera partida estua izan zen.
Kataluniarrek nagusi izan nahi zuten, baina Getxoko neskek lan bikaina egin zuten, aurreko jokalariek batez ere. Horrelakoetan gertatzen den moduan, partida ez zen ikusgarrian izan, baina talde bizkaitarrak kataluniarraren presioari ondo eutsi zion, eta markagailuan aurretik zirela joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian ere gauzak ez ziren gehiegi aldatu. INEFek partidari buelta eman nahi zion, baina Getxoko neskek lanean jarraitu zuten, eta kontraerasoa bilatzen ere ahalegindu ziren. Amaieran poza sekulakoa izan zen, zazpi urteren ostean, Getxok Kopa irabazi baitzuen, eta talde handi bat mendean hartuta, gainera.