GARA > Idatzia > Musika

Auto reverse: txosnak eta herriko festekin hitzordua

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa

Urteak aurrera joan ahala denbora geroz eta azkarrago doala iruditzen zaigu. Aurreko zutabe batean ere aipatu genuen. Egunak, asteak, hilabeteak eta urteak ziztu bizian doaz aurrera eta geroz eta antz handiagoa dute batak bestearekin. Batzuetan zutaberako aukeratzen ditugun gaiekin ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. Uda iristear dagoen bakoitzean herrietako festen inguruan hasten gara hizketan eta txosnen aipamena ezinbestekoa bihurtzen da. Ziur asko, txosnekin dugun harremanak zerikusi handia izango du horretan, eta baita haien egoera kezkagarria dela pentsatzeak ere. Pentsamendu bakarraren jaien egitarauen basamortuan, galtzeko arriskuan dauden oasiak dira txosnak. Hainbat urtez herrietako festetan ezinbesteko gune izateaz gainera, herri mailako elkarteen diru iturri garrantzitsua dira (funtsezkoa batzuetan). Nahiz eta askok horrela uste, txosnak ez dira taberna soilak. Edariak zerbitzatzen dituzte, bai, baina ez dira negozio pribatuak. Instituzioen aldetik inongo diru laguntzarik jaso ez (erasoak eta oztopoak besterik ez askotan) eta aurrera egiteko diru iturri nagusi dituzten herri elkarteen sostengu dira. Txosnei esker (kasu askotan) herri elkarteek instituzioekiko ezinbestekoa duten independentzia lor dezakete. Legez kanpo edo legeriaren «mugan» dauden elkarteen sostengu direla esango dute batzuek, zikinkeria eta zarata guneak besterik ez direla esango dute, edozein aitzakia bilatuko dute txosnak mugatu edo debekatzeko eta arautegi geroz eta murritzagoak inposatuko dituzte. Modu batera edo bestera, urtero aipatzen ditugun kontuak dira, baina, zoritxarrez, gaurkotasun handia duten kontuak dira, nahiz eta ez azaldu hedabideen lehenengo orrialdeetan. Okerrena da, batzuetan, txosnen aldeko beharko luketen hainbat esparrutatik ere ez dela egiten haien aldeko apustu garbia (lehen aipatutako arrazoibide batzuk bere eginez). Eraso hauen aurrean batzordeak sortu eta txosna guneen baldintza duinak defendatu behar ditugu. Baina gunea edukitzearekin ez da nahikoa. Txosnen helburu bikoitza betetzeko (diru iturri eta giro sortzaile), gune erakargarria lortu behar dugu, eta horretarako espazio aproposa eduki behar da, ongi komunikatua, azpiegitura egokiduna, euritik babestua, ekitaldiak antolatzeko aukerarekin, ordutegi egokiarekin, soinu kalitatea zainduz, musika eskaintza anitza eta aberatsa eskainiz, etab. Ekin lanari!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo