GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Umeak, amaren sabelean bizitako guztia oroimenean gordetzen du»

p020_f01.jpg

Jamil Hamza Unibertsitateko irakaslea, eta anestesia saileko sendagilea

Jamil Hazma Pariseko Saint Vincent de Paul erietxeko anestesia zerbitzuko burua da, eta unibertsitateko irakaslea. Hainbat ikerketa bideratu ditu estresak umeengan duen eraginari buruz. Berriki Baionan izan da ikerketa horien berri emateko.

Ainize BUTRON | BAIONA

Estresak eta ingurumenak umeki edo fetu batean eraginik ba al du? Galdera nagusi hori aztergai izan dute berriki Baionan. Haur saileko sendagile eta langileak bildu ditu, horien artean Jamil Hamza, anestesista eta Pariseko Unibertsitateko irakasleak amaren sabelaren eta sortu berri diren umeen memoriaren garrantzia aipatu zuen. Bere esanetan, ume bati eragiten zaion mina kontuan hartu ezean, zahartzean bere oroimenean iraungo du.

Zer erran nahi duzue zuzen umeki edo fetu batek mina bizi duela esaten duzuenean?

Sendagile gisa gertatzen zaigu umea amaren tripan delarik ebakuntzak egitea. Horrelakoetan, fetuaren azalera iristen garelarik, mina egiten diogu. Berdin gertatzen da sortu berri edo goiztiar batekin. Oinaze hori ez da orain artean kontuan hartu, gure kezka bakarra umea ez higitzea zelako. Paralizatzen genituen lo eragin gabe. Umeak mina zuen eta ez zuen sentimendu hori adierazteko aukerarik. Azken urteotan umekiak min duela frogatzea lortu dugu, eta hori aurrerapauso handia izan da. Askotan fetuek min handiagoa jasaten dute ez dituztelako babes sistemak nahikoa eraginkorrak. Beharrezkoa da beraz anestesia baliatzea.

Gero eta gehiago nabarmentzen da erietxeetan umeak goxotasunez artatzeko beharra. Zertan da garrantzitsua?

Mina tratatzea oso garrantzitsua da bai umearekin, bai fetuarekin ere, minaren esperientziaren oroimena atxikitzen baitute. Lehen esperientzia gaizki gertatu bada, bigarrena gogorragoa egingo zaio. Ez badiogu lo eragiten bigarren ebakuntza batean minaren estresa biziko du. Eta lana zailduko du.

Fetu batek oroimena daukala esan daiteke orduan...

Heldu edo haur batekin errazagoa da oroimena ikustea hitz egiteko ahalmena duelako. Baina, umeki batek ere oroimena badu, hori argi dago.

Ebakuntzatik kanpo, amak bizi dituen esperientziek ere eragina dute fetuan beraz...

Bai, bai alde onerako, bai eta txarrerako ere. Amaren sabelean bizi duen guztiaren memorian gordetzen duela dakigu, baita amaren usaina ere. Garrantzitsua da, beraz, umea tripan daukazularik musika entzutea, hitz egitea eta laztantzea. Hori guztia jakina da. Baina, alde txarrak ere badaude. Adibidez, emakume bati erditzeko hiru aste falta zitzaizkion, eta saltegi batean zegoela sute bat gertatu zen. Estres handia izan zuen. Aste bat berantago erditu zen eta haurra oinaze neurologiko handia zuela ikusi genuen. Erradiografia bat egin genion eta horren azterketan fetuaren arazoa sute horren ondotik agertu zela ikusi dugu. Estres horren ondorioz, aldaketa baskularrak izan direla ikusi dugu eta, epe horretan umekiaren burmuina gutxi oxigenatu zela ikusi da.

Artatzea goxokiago egiteko era orokortua al dago eritetxe guztietan Estatu frantsesean ?

Estatu frantsesean nire irudiko bai. Baina, ez da era berean egiten leku guztietan. Garrantzitsuena da ideia berriak zabaltzen direla eta gero, leku bakoitzean, baliabideen arabera, ahal dena egiten da. Nire irudiko, kontzientzia hartzea da garrantzitsuena. Metodo berriak ez dira beti egokitzen ahal, ingurune aldetik oztopoak izaten baitira, baina, jakinaren gainean izanez gero kontu gehiagorekin ibil daiteke. Esate baterako, inkubagailu batean dagoen ume baten ondoan zaudelarik emeki mintzatzea edo argi gutxi ematea erraz egin daitezkeen gauzak dira. Ekintza txikiak dira, baina, umearentzat onuragarriak izaten ahal dira. Frogatua dago, horrelako ekintzak bideratuz, eta umeak goxotasunez artatuz azkarrago hobetzen direla.

Haurrak jasaten duen estresa aipatzen duzu. Denborarekin desagertzen da, edo heldutasunean irauten duten beldurrak al dira ?

Bai, irauten dute. Badakigu haurtzaroan jasandako minak heldutasunera iristean hor dirautela. Oroimenean atxikitzen dugu. Ebakuntza bat izan ondoren, gaizki joan bada, heldutasunean ebakuntza izan duzun lekuan mina izaten jarrai dezakezu. Fobia modukoak geratzen zaizkizu. Ez dago beldur horiei aurre egiteko artatze mota zehatzik, arazoa jokaerari lotuta dago.

Arazoa errotik hartu behar da beraz. Baina, erran daiteke, estresa mugatuz, geroan, eritasun batzuen agerpena mugatzen ahal dela?

Ezin dugu hori esan, ez baitakigu. Gehienbat arrazoirik gabeko estresak mugatzeak laguntzen du. Batzuetan hobe da, haurra txerto bat hartzera eramateko orduan denbora hartzea gauzak azkar egitea baino. Kontuz ibili ezean eragina izan dezake gerokoan.

 
goxotasunez

«Frogatuta dago inkubagailu batean dauden umeek goxotasunez artatuz eta kontuz ibiliz azkarrago egiten dutela hobera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo