GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Hirugarren txapelaren bideari ekingo dio Patxi Usobiagak bi aste barru

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Aurreko urteetan baino beranduago, egutegiaren aldaketak direla-eta, baina helburu berberekin ekingo dio Patxi Usobiagak hastear den denboraldiari. Hau da, «ehuneko ehuna ematea» eta, ahal izanez gero, Munduko Kopa irabaztea hirugarren aldiz, berarentzat garrantzitsuena emaitzak ez diren arren.

Innsbrucken amaituko du eskalatzaile eibartarrak bere prestakuntza. Nolabaiteko berritasuna, aurten, Nazioarteko Federakundeak Munduko Koparen probetarako aurreikusi dituen aldaketen ondorioz, final-laurdenak arte flashean lehiatuko baitira eskalatzaileak eta hori, berez, ez zaio oso ondo egokitzen Usobiagaren estiloari. «Nire estiloa geldoagoa da, iraupenekoa -azaldu zuen eibartarrak- eta, beraz, gauza berri bat kontuan hartu beharko dut». Innsbruckera kronometroa eraman beharko du, horrenbestez. Aldaketa ulergarritzat jo du Usobiagak, hala ere. «Eskalada noizbait Joko Olinpikoetan egotea nahi dute, eta Federakundea hainbat neurri ari da hartzen horretarako: arintasuna eta ikusgarritasuna handitzen saiatzea, edota kirol hau Asia aldean ere zabaltzea», azaldu zuen.

Zazpi proba

Munduko Kopa Txinan hasiko da ekainaren 28an, eta azkenaurreko proba Taipein egingo dute. Guztira zazpi proba izango dira -iaz baino bi gutxiago-, azaroan Eslovenian amaitzeko.

Gainerakoan, beste hainbat erronka ere izango ditu Usobiagak, besteak beste, eta bereziki, Europako Txapelketa, urrian, eta Serre Chevalier, Arco eta Shangaiko Masterrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo