Sopuertako inguru zoragarrian egingo da beste behin Mendebala jaialdia
Anartz BILBAO | BILBO
Mendebala folk jaialdi xumeak zazpigarren edizioa aurkeztu zuen, ekainaren azken asteburuan eskarmentu handiko Gwendal bretainiar taldea eta hasiberriak diren Seiren bizkaitarrak, besteak beste, Sopuertako zelaietara ekarriko dituena.
Eskarmentu handiko taldeak hasiberriekin lotu, eta Kantauri itsasertzean, Galizian hasi eta Bretainian bukatu arte egiten diren doinuen erakusgarri izan nahi du jaialdiak, bertako arduradun Santi Rodríguezek azaldu zuenez.
Doako eskaintza
Artisautza azoka kenduta, musika ez beste kultur eskaintzarik ez du izango, eta gaueko jaialdi izatera mugatuko da Mendebala, aurrekontu urria dela-eta. Izan ere, eta ohiko joeren kontra, guztiz doakoa da Sopuerta herriko Santa Ana zelai zoragarrietan egiten den jaialdia. Bertan kanpatzeko aukera ere eskaintzen du, gainera.
Rodríguez, Seiren taldeko Jokin de la Calle musikariak eta Edurne Santamarina Sopuertako zinegotziak lagundu zuten aurkezpenean. Horrek, udalaren izenean, babesa eman zion folk jaialdiari eta Sopuerta txikian musika doinuen bidez kultura anitzak ezagutzeko parada izateaz harro azaldu zen.
Jaialdia ekainaren 27an eta 28an egingo da. Ostiralean, Seiren, Celtas Cortos eta Esne Beltza taldeek zapalduko dute bertako oholtza. Aski ezagunak diren Celtas Cortos gaztelarrak lan berria grabatzen ari dira egun. Seiren eta Esne Beltza bertako taldeak, aldiz, askoz gazteagoak dira eta “Pertsona baten bila” eta “Made in EH” estreinako lanak aurkeztuko dituzte. Larunbatean, Flipin Folk, Nadau, Gwendal eta Ruxe Ruxe taldeen txanda izango da. Gwendal, 1972an sortutako talde bretainiarra, egitarauan ageri den talderik ezagunena da. Eskarmentu handia du okzitanieraz abesten duen Nadau bearnotar taldeak ere. Ruxe Ruxe rocka eta folka nahasten duen talde galiziarra da, eta Flipin Folk berriz, etxeko ordezkaria, Eibar eta Ermua artean sortua.