GARA > Idatzia > Pilota

Buruz buruko finala

Finaletako eskarmentuak ez du zertan abantaila izan

Abel Barriolak lehen saiakeran irabazi zuen buruz buruko txapela eta jokatu dituen azken bost finalak galdu ditu. Oinatzek ez du bakarka finalik jokatu

p037_f01_097x119.jpg

GARA | DONOSTIA

Buruz buruko finala pilota partida bat baino askoz gehiago da. Pilotari eta pilotazaleentzat urteko egunik garrantzitsuena da, eta horrek dakarren guztia ondo eramaten jakiteak sekulako garrantzia izan ohi du txapela janzteko orduan. Komunikabideekin dituzten hitzorduak, lagun eta ezagunen sarrera eskaerak...; presioa eramaten jakiteak sarri pilotak berak baino eragin handiagoa izaten du pilotari batek podiumaren lehenengo edo bigarren maila igoko duen erabakitzeko.

Alor honi begiratuta, Abel Barriolak sekulako abantaila izan dezakeela pentsa dezake askok, izan ere, halako partida garrantzitsuak prestatzen, eskarmentua, behintzat, soberan baitauka Aspeko atzelariak. Dena den, jokatu dituen azken bostetan ez du hogeita bigarren kartoira heltzerik izan eta horrek presio berezi bat ere eragin diezaioke.

«Arazo bat finaletan»

2007. urteko Lau eta erdikoa izan zen Leitzakoak jokatutako azken finala, eta bertan Titinen aurka 22-15 galdu ostean, zintzo onartu zuen finaletan arazoak izaten dituela. Izan ere, Martinez de Irujoren aurka 2006an 22-21 galdutako Lau eta erdikoan salbu, Barriola oso urrun egon da finaletan txapelketan zehar eman duen itxura bikainetik. Gauzak horrela, igandean jokatuko duen partidari begira, egunerokotasunean hainbat aldaketa txiki egin ditu, burua lasaiago izate aldera.

Oinatz Bengoetxea, bestalde, guztiz berria da buruz buruko finaletako ur handitan, baina badauzka konfiantza izateko motiboak. Alde batetik, duen izaera «lotsagabea» ezagututa, ez dirudi pilotalekuan kikilduko denik eta, gainera Binakakoan badu aurrekaririk finaletan. 2005ean, Ruben Beloki atzelari zuela, azken partidara heldu zen, baina Martinez de Irujok eta Fernando Goñik 22-12 irabazi zieten. Abel Barriolak bera kontuan hartzeko arrazoirik ere badu aurrelariak, 2001ean, bere lehen bakarkako finalean, Ruben Beloki txiki-txiki egin baitzuen 22-3.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo