Jacques Rémusen «Perkusio Baskulak» entzun eta ikusi ahal izango dira aurtengo Jazzaldian
Tamaina handiko zortzi «Perkusio Baskula» izango dira ikusgai uztailaren 22tik 27ra arte Donostiako Kutxagunean. Biologo eta musikari frantziarrak fisika eta musika uztartzen ditu musika-makina hauen bidez.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
«Perkusio Baskulak» dira Jacques Rémusen azken sorkuntza. «Soinuaren alkimista» goitizena jaso du azken urteetan egin dituen musika-esperimentuak direla-eta; horietako azkena da, hain zuzen, Jazzaldiaren barruan Donostiako Zientziaren Kutxagunean estreinatuko duena. Izan ere, Kutxaguneko Garbiñe Garmendiak atzoko aurkezpenean argitu zuenez, «Perkusio Baskulak» lana erakusteko leku aproposa da Miramongoa «bai duen modernotasunagatik, bai zientzia eta teknologiarekin duten lotura estuagatik ere».
Uztailaren 22tik 27ra izango dira ikusgai eta entzungai musika tresna bitxi hauek.
«Fisika baliatuta diseinatu dituen baskula hauek ordenagailuen bidez doinu sinkronizatuak joko dituzte», esan zuen Garmendiak. Eskultura eta musika bateratuko ditu, hortaz, biologo ikasketak dituen musikazale honek. Horiek horrela, zortzi perkusio baskula izango dira Kutxagunearen kanpoaldean, eta horien tamaina dela-eta, tokia egokitzeko eraikuntza lanak egiten ari dira. CIP Donostia Lanbide Heziketako zortzi gazte ari dira, hain zuzen, horretan.
Perkusio baskulak, zehazki, ordenagailuz kontrolatutako eskultura zinetikoak dira, eta bere funtzionamendua ur deposito batzuk sinkronizatuta bete eta hustean datza. Egileak atzoko aurkezpenean esan zuenez, «makina anbiguoak dira; alde batetik borroka makinak diruditelako -katapulta baten antzekoak- eta bestetik, ateratzen dituzten soinuek lasaitasuna transmititzen dutelako».
Behin musika-makina bitxi hauek Kutxagunean jarrita, bertan geratuko direla ere agertu zuen Rémusek, izan ere, handiegiak dira inora eramaten hasteko.
Zientziaren Kutxaguneko arduradunak adierazi zuenez, erakusketa hori ikusteko parada izateaz gain, uztailaren 22tik 27ra bertaratzen direnek beste bi jardueratan parte hartzeko aukera ere izango dute. Batetik, «Munduko soinuak» izeneko tailer didaktikoa antolatu dute eta, bestetik, «Fisika-Musikoa» ikuskizuna ikusi ahal izango da.