Beste mundu ordena baten alde Elorriora joateko dei egin dute hautetsiek
Ainara LERTXUNDI |
Internazionalismoa eta herrien arteko elkartasuna aldarrikatzeko Askapenak biharko Elorrion antolatu duen jaialdirako deia egin zuten atzo hautetsi ezkertiar eta independentistek. Egungo mundu ordena krisialdi sakonean dagoela nabarmendu zuten.
Hala ere, «globalizazioan eta kapitalismoan» murgildua den mundu honetan, «herrien duintasuna» esnatu egin dela esan zuten, testuinguru horretan Kuba, Venezuela eta Bolivia kokatuz.
«Burujabetzaren aldeko borroka andana ikusten ari gara alde guztietan. Ez da soilik zapaldutako nazioen aldarrikapena. Beste balore mota batzuetan oinarritutako herrialdea eraiki nahi duten herrien aldarrikapena ere bada», helarazi zuten.
Israeli boikot egitea
Internazionalismoa «estatu boteretsuen atzaparretatik askatzeko» ezinbesteko tresna dela ere gaineratu zuten, eta horri lotuta, nabarmendu, herrien arteko harremanak aparteko garrantzia duela. Harreman horrek oinarri sendoak behar ditu; «errespetua, joan eta etorriko elkartasuna, eta azpijokorik ez egotea».
Era berean, Palestinari babesa emateko eta Israeli boikota egiteko mundu osoan abian ipinitako ekimena babestu zuten.