GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pello Odriozola eta Ines del Rio presoei bizi arteko kartzelaldia ezarri diete

Auzitegi Goren espainoleko 197/2006 doktrina ezarri berri diete Pello Odriozola eta Ines del Rio preso politikoei, Askatasunak atzo jakinarazi zuenez. Hala, uztailaren 2an aske geratu beharko zuketen bi presoei biziarteko zigorra ezarriko dietela salatu zuen erakundeak.

GARA |

Askatasuna erakundeak atzo salatu zuenez, Pello Odriozola eta Ines del Rio euskal preso politikoei ere biziarteko kartzela zigorra ezarri diete. Dagoeneko 29 euskal preso politikorekin erabili dute Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrina.

Neurri horri jarraituz, Odriozola 2018ko urtarrilaren 19an irtengo litzateke espetxetik. Tolosarra 1988ko urtarrilaren 28an atxilotu zuen Polizia espainolak, ETAkoa izatea egotzita, eta 30 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Erredentzioak kontuan izanik, datorren uztailaren 2an aske geratu beharko luke. Aste honetan bertan 197/2006 doktrina ezarri diote, ordea.

Suntsitzea helburu

Del Rio tafallarrari ere zigorra luzatu egingo diotela esan zuen Askatasunak, baina oraindik ez diotela kartzelatik irteteko eguna jarri azaldu zuen. 1987ko uztailaren 5ean atzeman zuen Polizia espainolak, ETArekin harre- mana izatea leporatuta. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta, erredentzioak kontuan izanik, hura ere datorren uztailaren 2an zen kalera ateratzekoa.

Odriozola eta Del Riorekin gertatutakoa Estatu espainoleko eta frantseseko «sarraski espetxeetan» gertatzen ari denaren «ispilu» argia dela adierazi zuen Askatasunak.

«Euskal preso politikoen neurriko Guantanamo erraldoia eraiki dute bi estatuek, helburu bakartzat presoak suntsitu, izaera politikoa ezkutatu, eta Kolektiboa ezabatzea dituen espetxe politikarik krudelena aplikatuz», salatu zuen. Horregatik, egoera honen aurrean mobilizatzeko deia egin zuen, izan ere, Askatasunak esan zuenez, espetxeetako egoerak «alarma guztiak» piztea dakar, «errepresiorik basatienaren aldeko apustua egin baitu PSOEk, eta salbuespen egoera espetxeetan ere eragin argia izaten ari baita».

GUANTANAMO

Askatasunak adierazi zuenez, Estatu espainolaren eta frantsesaren kartzela politika «euskal herritarron neurriko Guantanamo erraldoia eraikitzea» da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo