GARA > Idatzia > Gutunak

Hartzea Lopez Arana eta Patricia Martinon Gatuzain argitaletxearen izenean

Mespretxutik elkartasunera

Alderantziz dabil mundua. Etorkizun zuzenagoaren alde ari denari zaio beti zigorra erortzen.

Lasai bizitzeko, ezkertiar militante inozoak ez gara funtsezko zerbaitetaz jabetu. Justiziarekin arazorik ez izateko ez genituen jarduera egokiak hautatu. Mertzenarioei ez diegu armarik saldu. Droga trafikoaren irabaziak ez ditugu kasinoetan eta prostituzio sareetan inbertitzen. Faboreen truke ez dugu inongo epailerik, poliziarik, enpresabururik erosi. Espekulazioaz, gainbalioaz, deslokalizazioetaz deus gutxi dakigu. Paradisu fiskaletan ez dugu dirua garbitzeko kontu anonimorik ireki. Oroz gainetik, ez gara aberatsak eta lortu etekin meheak ez ditugu patrikaratzen. Jokoz kanpo gaude.

Jakina, gaiztoak gu gara. Kulturaz eta politikaz mintzo diren liburuak publikatzen ditugu, eta guri digute banketxeko kontua blokeatzen. Gure argitaletxeko kide batek bertan prokurazioa duelako, ezker abertzaleko alderdi batean lan egiten baitu. Pariseko epaile baten nahietara gaude, Madrileko beste batek galdeginik. Ez gu bakarrik. Beste hamaika familia eta elkarte ere bai.

Haserre gaude, baina ez harriturik. Zigor ekonomikoa errepresio zabalagoaren beste adar bat besterik ez da. Kartzela, tortura, legez kanporatzea, egunkarien itxiera enbor beretik datoz. Zanpaketa guztiek, handiek eta txikiek, ondorio kolateralak dituzte. Banku kontuak blokeatzearen azken operazioak Gatuzain izorratu du, ezin dugu normalki gure dirua erabili. Nor izango da hurrengoa ?

Legeak ez gaitu babesten, gure kontra egina dagoela dirudi gehienetan. Goiz edo berandu, galdera hau datorkigu burura: zertarako inplikatzen segitu, zaflakoak biltzeko ez bada? Zertarako gauzak aldatzen saiatu, axolagabekeria nagusi den jendarte honetan? Gure argitaletxeak hamar urte bete berriak ditu eta zorionez dena ez da debalde izan. Euskal Herriaz deus ez dakien norbaitek liburu bati esker zerbait ikasi duela entzutean, munduko beste herriez gutxi dakien euskaldunak beste liburu batean zerbait interesgarri irakurri duela jakitean, aitzina jarraitzeko arrazoiak metatzen zaizkigu. Galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena da, diote Argentinako Maiatzeko Plazako Amek.

Trabak traba, liburuak egingo ditugu, lanbide baliagarri hau ez dugu baztertuko. Zuen sostengua ere beharko dugu horretarako, normaltasunez jardun ahal izan dezagun, askatasunean. Ez gara bakarrak. Kontuak blokeatu dizkieten beste jende guztiarekin batera, larunbateko manifestazioan parte hartuko dugu, mespretxuari elkartasunez erantzuteko. Bihar beste nehor zanpa ez dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo