GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sorterritik gertu eta, aldi berean, urrun diren herritarrak

Gurea herri txikia izan arren, milaka dira sorterria atzean utzi behar izan duten gizon eta emakumeak. Munduko zoko urrunetara joanak dira asko, beste batzuk ezkutuan ematen dute bizitza, baina badira batzuk Bidasoa ibaia gurutzatu eta bizitokia han aurkitu dutenak. Etxetik gertu egoteak ordea, ez die bizitza erraztu eta ez dira errepresioaren atzaparretatik salbu.

p014_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Euskal Herrian bizitzeko eskubidea erabat ukatua zaie makina bat iheslari politikori. Estradizio eta euroaginduak biderkatu egin dira azken hilabeteetan eta ehunka dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoatik kanporatu dituzten eta Estatu espainoleko ziega ilunetan gatibu hartu dituzten euskal herritarrak. 2007. urteak, gainera, gure herriko historia beltzean lekua hartu du inoiz eman diren euroagindu gehien eman baitziren iaz, 18 hain zuzen ere.

Arrazoi desberdinak direla medio, ugariak dira Bidasoa ibaia igaro eta Ipar Euskal Herrian bizitzeko hautua egin duten gizon eta emakumeak. Ez dute bizitza samurra, errepresioaren itzalak gertutik jarraitzen ditu eta gainera, inolako dokumentaziorik gabe bizitzera derrigortuta daude gehienak, horrek dakarren erromeskeriarekin.

GARAk, iheslari baten bizipenak gertutik ezagutzeko Unai Hernandez euskal iheslariarekin egin du berba, haren azaletik, hain gertu eta askotan horren ikusezin ditugun herrikideen testigantza jasotzeko asmoz.

Hernandez bizkaitarra da jaiotzez, baina hiru urte eta erdi daramatza Baionan bere bizitza eraikitzen. 18/98 sumarioan auzipetua izan zen, Ekin antolakundeko kide izatea leporatu eta bi delitu egozten dizkiote: 2.000. urtean bi bileratan parte hartu izana, alegia. Hernandez ordea, ez zen epaiketetara agertu.

Estatu espainolak haren aurkako euroagindua galdegin zuen eta joan den otsailean, Polizia frantsesak atxilotu egin zuen Baiona Ttipian. Haatik, polizia-etxean ordu batzuk igaro ostean libre utzi zuten eta euroaginduaren prozedura gauzatu bitarte, kalean egoteko beta izan du.

Lau hilabete betetzear diren honetan eta defentsak ezarritako helegitea atzera botata, euroaginduaren prozedura erabat garatua eta onartua dago, hortaz, edozein unetan atxilotu eta kanporatu dezakete.

Hizkuntza, kultura, lana...

Bere egoera «anormaltzat» jotzen du Hernandezek, gainera, prozedura beteta atxilotu ez duten lehen pertsona dela gogoratu du. Presio psikologiko handia sufritzen duela aitortu du, noiz atxilotuko duten ez dakien arren, jakin badaki une hori noizbait iritsiko dela. Eta badaki hartu bezain pronto hegazkina hartu eta Madrilen izango dela, espetxean.

Uda hurbil izan arren, ez du oporretan pentsatu Hernandezek, ez baitaki aprobetxatzeko beta izango duen ere. «Beti duzu errepresioaren fokua gainean, kotxea hartzeko beldurrez nago, errepideko kontrol batean atxilotuko nautelakoan... Gehienez astebeteko planak egiten ditut, ea bi liburu hauek irakurtzeko beta dudan, ea zinera joatea lortzen dudan...», azaldu du. Aske egon arren, eskubide osoko herritarra ez dela argitzen du, «bigarren edo hirugarren mailako herritarra» dela nabarmenduz.

Errepresioaz haratago ere, beste hainbat faktorek berebiziko eragina dutela adierazi du. Hizkuntza eta kultura alderdiak kasu. Frantsesa da nagusi inguruan eta hasieran ez zuela deus ulertzen gogoratu du; horrek dakarren mugari handi deritzo, «bai harremanetarako, bai lanerako, bai eta edozein eskari egiteko orduan ere». Tabernetan pintxoak ez izateaz edota otorduen ordutegiaz ere barrez aritu zen Hernandez, horietara ohitzeko arazoak izan zituela onartuta.

Lanaz ere luze jardun zuen, aberastu baino autogestioa duela helburu aipatuz, familiarentzat edo bikotekidearentzat zama ez bilakatzearren. Beharra lortzea ere zaila dela azaldu zuen, batetik, Ipar Euskal Herria turismoari begirako herria izanik, urte osoan zehar lanik apenas dagoelako eta, bestetik, inolako dokumentaziorik gabe ibiltzeak beltzean eta prekarietatean mugitzera behartzen duelako.

Hernandezek, bizitzaren sasoi onenean dagoela adierazi arren, gatazka luzatzen ari den bitartean, adinarekin etorri ohi diren arazoak ere euskal iheslarien kolektiboan ez direla gutxi ekarri nahi izan du gogora; gaixotasun larriak, minbizia kasu, edota egoerak eragindako arazo psikologikoak dituzten kideak daudela ohartaraziz.

Euroagindua juridikoki aztertuz

Hernandez baina, ez da euroagindua ezarri dioten euskaldun bakarra, 2008ko sei hilabete hauetan sei izan dira dagoeneko Estatu frantsesetik kanporatutako herritarrak. Prozedura judizial honen hastapena eta bilakaera ulertzeko Joseba Agudo abokatuarengana jo dugu, eta Europar Batasunak 2001. urtean euroagindua onartu zuenetik gaurdainoko aldaketak azaldu dizkigu.

Estatu frantsesean 2004. urtean indarrean jarri zen prozedura honek kanporaketen judizializazioa ekartzearekin batera, eskubideen murrizketa larria ekarri zuela gaineratu du Agudok, finean, defentsarako tartea asko murriztu duela azalduz. Adibide argia etorri zaio burura Xabier Irastorza eta Markos Sagarzazuren auziarekin; bi irundar hauek estradizio prozesu bidez kanporatzeko arriskuan egon ziren, baina hauen kontrako froga bakarra tortura bidez jasotako deklarazio bat zela-eta, eskariak ez zuen aurrera egin. Hainbat urteren ostean, euroagindu bidez ahalegindu zen Estatu espainola, eta orduan argi berdea ikusi zuen bi euskal herritar hauek kanporatzeko eskariak.

Kode penal frantsesak 1993ko azaroaren 30etik aurrera egotzitako delituengatik Estatutik kanporatzeko erabiltzen du euroagindu prozedura. Data hori baino lehenagoko delituak, aldiz, estradizio hitzarmenaren bidez ebazten dira. Haatik, estradizio hitzarmenak ere aldaketak izan ditu azkenaldian estatuen interesen arabera prozedurak eraginkortuz.

1996an Europar Batasuneko hainbat estatuk sinatutako Dublingo hitzarmenean daude aldaketa hauen oinarriak. Estatu frantsesak 2005ean hitzarmen hau berretsi bitarte, estradizio prozesuetan inplikatuta zeuden bi estatuek euren kode penalean ezarritako preskripzio-epea hartzen zen aintzat. Erailketa delituak kasu, Estatu espainolean 20 urteko preskripzio-epea du, Estatu frantsesean, aldiz, 10 urtekoa eta, hortaz, estradizio eskaera asko bertan behera geratzen ziren agintari frantsesentzat eskaerak baliogabeak zirelako. Haatik, horixe da Dublingo hitzarmenak ekarri duen aldaketetako bat, estradizio prozedura aurrera eramateko orduan eskaera egiten duen estatuaren legedia soilik aintzat hartzea ahalbidetzen baitu.

Dublingo hitzarmena, gainera, Sarkozyren Estatu Kontseiluak atzeraeraginkortasunez aplikatzea ebatzi duela ekarri du gogora Agudok, eta egun jada Alberto Lopez de la Calle eta Joxean Zurutuzari ezarri zaiela nabarmendu du.

Estatu frantsesak bere legedia gogortzeko egindako aldaketa hauek, ezker abertzaleak berak izandako bilakaerarekin lotu ditu abokatuak. Haren ustez, Uztaritzeko proposamenak, hauteskundeetan Euskal Herria Bai koalizioak eskuratutako arrakastak edota 2x2 proiektuari jarritako frenoak eragin argia du Estatuak hartutako jarreran.

Estradizio edota euroagindu prozesuak egun ez zaizkiela ETAko militanteei soilik aplikatzen sostengatu zuen eta, oro har, ezker abertzalearen kontra jarduteko tresnak direla adierazi zuen.

Bai euroaginduaren azkartzearekin, bai estradizio prozeduretan egindako aldaketekin Ipar Euskal Herrian diren euskal iheslari asko eta asko kanporatuak izan daitezkeela ohartarazi du Agudok, «etorri berriak eta urteak daramatzatenak daude orain arriskuan», gaineratu du.

Oinarrietara joz

Euroagindu eta estradizio prozeduretan jazotako aldaketekin defentsak erabili ohi zituen argudioak «zapuzten» direla dio Agudok. Joera hau gainera, berria ez dela defendatu du, eta Estatu espainolak eskaeraren bat galdu duenean, kasua galdu zueneko arrazoia estradizio hitzarmena aldatzeko arrazoi bilakatu ohi duela azaldu du. Estatu frantsesaz haratago, Ameriketako hainbat herrialdetan ere era honetako aldaketak gertatu direla azaldu du.

Agudoren iritziz, estradizio edota euroaginduekin agintari espainolek irudi zehatz bat zabaltzea dute xede: porrotaren irudia, hain zuzen ere. Horren lekuko, era honetako operazioetan komunikabideek ematen dituzten irudiak eta titularrak aipatu zituen, hegazkinetik behera eskuburdinez lotutako euskal herritarrak erakutsi edo «terrorista bilatuenak» gatibu hartu dituztela baieztatzen dutenak alegia.

Euskal Herriarekin duen gatazkan Estatu espainolak beharrezkoa duen «publizitatea» dela argitu du eta proiekzio horren atzean helburu politikoak ezkutatzen direla sostengatu du.

Abokatuaren esanetan, «euskaldunoi inon gordetzeko aukerarik ez dugula» esateko era bat da hau; haatik, Agudok argi du mundu osoan barrena milaka eta milaka etxe daudela euskaldunei ateak zabaldu eta elkartasuna adierazteko prest.

Mespretxutik onarpenera salto egiteko unea dela defendatuz

Irailaz geroztiko balantze errepresibo «bortitzaren» ondoren, «aski da!» esateko garaia iritsi da Askatasunaren iritziz, eta horretarako manifestaziora deitu du biharko. 16.30ean abiatuko da Euskaldunon plazatik eta errepresioaren aurrean «harresia» eraikitzeko lehen urratsa dela adierazi du Oskar Bizkai eledunak. Manifestazioak izango duen leloak ordea, badu Estatu frantsesari zuzenduriko mezu berezitu bat, Euskal Herriaren aitortza galdegiten duena hain zuzen ere. Bizkairen arabera, onarpena da herri honek bizi duen gatazka gainditzeko gakoa. Horregatik, errepresioa alboratu eta gatazka politikoa konpontzeari ekiteko gomita egin nahi diote. O.L.

Errepresioaren erasoaldiak

2007ko irailak 24

Polizia frantsesak hamahiru lagun atxilotu eta Kalaka herriko taberna eta beste lokal bat miatu zituen Lapurdi eta Nafarroa Beherean.

2007ko azaroak 14

Le Vert eta Houyvet epaileen aginduz, Baionako, Ziburuko eta Hendaiako herriko tabernak miatu zituen Polizia frantsesak.

2007ko azaroak 19

Iraileko operazioan atxilotutako Joan Bidartek bere buruaz beste egiteko saiakera egin zuen Tulleko presondegian.

2008ko urtarrilak 30

Polizia frantsesak sei laborari atxilotu zituen Kako baserriaren inguruan sortutako gorabeherak direla-eta.10.000 euroko isuna ordaintzera kondenatu dituzte.

2008ko apirilak 7

Bidarten egoera salatzeko pintadak egin zituzten bi gazteei isuna jartzea eta gidabaimena aldi baterako erretiratzea proposatu zuen fiskalak, DNA froga egiteari uko egiteagatik. Neurria errefusatu ostean, epaiaren zain dira.

2008ko apirilak 11

Le Vert epailearen aginduz, Batasuneko hainbat militanteri eta beren senideei kontuak blokeatu zizkieten. Inolako informaziorik ez izatea eta banketxe gehienen «isiltasun konplizea» salatu zuten. Egun, 16 lagunen eta 3 elkarteren kontuak daude blokeaturik.

2008ko maiatzak 26

Bidarraiko, Baigorriko eta Amikuzeko 14-17 urte arteko hiru gaztek jendarmeek egindako itaunketa eta presioak salatu zituzten. Manifestazio batean parte hartu zutelakoan, lekuko gisa deitu zituzten.

ARRISKUA

Euroagindua azkartzearekin eta estradizio prozeduretan emandako aldaketekin, Ipar Euskal Herrian diren iheslari ugari kanporatuak izateko arriskua dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo