GARA > Idatzia > Kultura

Txotxongiloak, eskaintza zabala egon arren gutxi ezagutzen den artea

Asteburu honetan Sondikan ospatuko den Txotxongilo Egunean 14 taldek parte hartuko dute. Asko dira adierazpen honetarako urte osoan lan egin duten taldeak; hala ere, beren antzezlanen ezagutza ez da nahikoa. Egitasmo desberdinak daude honi aurre egiteko. Txotxongilo Eguna, Titirijai edo Bilboko Nazioarteko Jaialdiaz gainera, Tolosan arte honi zuzendutako eraikin oso bat altxatuko dute eta Unima EH elkartekoek «Bitxikeriak» liburua argitaratu dute.

p048_f01_153x132.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

«Atera genuen estatistika baten arabera, egunean bost edo sei txotxongilo emanaldi egiten dira Euskal Herrian», ziurtatu du Unima Euskal Herriko lehendakari den Enkarni Genuak. Eskaintza ugaria dagoen arren, ez da asko ezagutzen mundu honetan lan egiten duten taldeez eta euren proposamenez. Salbuespen gutxi batzuk daude joera honetan; esate baterako, gaur eta igandera bitartean Sondikan ospatuko den Txotxongilo Eguna. Seigarren edizio honetan 14 talde hurbilduko dira Bizkaiko herrira haien lana erakusteko asmoz eta, horrez gainera, adierazpen honekin zerikusia duten bi lantegi antolatu dituzte. Unima Euskal Herria elkarteak bultzatzen duen ekimen hau txotxongilo munduan antolatzen direnen artean originaletakoa da, ez baita ohikoa hainbeste talde leku berean biltzea haien lanen berri eman dezaten eta teknika eta adierazpen mota desberdinak erakuts ditzaten.

Ez da Unimaren proposamena antolatzen den jaialdi bakarra, udazken aldera Tolosako Ekinbide Etxeak Titirijai ospatzen baitu eta Biboko Txotxongilo Dokumentategiak nazioarteko jaialdia egiten duelako azaroan. Egun zehatz hauetan titiriteroek protagonismoa lortu arren, urtean zehar egiten dituzten emanaldiak eta taldeen ibilbideak ez dira hain ezagunak. «Hedabideetan agertzen ez den arren, kultur aste guztietan gaude programatuta, Euskal Herriko liburutegi guztietan daukate txotxongiloak eskaintzeko lekutxo bat, edota eskola askotara joaten gara», azaldu du Enkarni Gernuak. Miguel Arretxek, Titirijai jaialdiko zuzendariak, dagoen eskaera zabala azpimarratu du, baina «antzoki nagusiek ez dituzte txotxongiloak programatzen eta hori da ikuspen faltaren arrazoi nagusia», gehitu du. Publikoaren aldetik egoera honek ez diela kalterik eragiten esan du Genuak: «Herri mailakoa denez, haur guztiak egoten dira jakinaren gainean eta ikustera etortzen dira, berehala enteratzen baitira». Pantzerkik antolatzen duen Bilboko Jaialdiaren zuzendari den Concha de la Casak beste ildo bat nabarmendu du: «Txotxongiloen emanaldiak heziketarekin harremanetan daude eta funtzio artistikoa baino hezigarria jarraitzen dute». Zalantzarik ez du agertu, hala ere, herrietako jaietan eta ikastoletan txotxongiloek duten garrantzia azaltzen eta ziurtatu du antzoki nagusietan gero eta agerpen gehiago dutela.

Txotxongiloentzat etxea

Urte osoko jarduerari bizitza emateko xedez, eraikin oso bat bultzatu du Tolosako Ekintza Etxeak, Titirijairen arduradunak. Jaialdiko zuzendariak aurreratutakoaren arabera, atal asko bilduko duen 3.600 metro koadroko eta lau solairuko eraikina izango da. «Europa mailan parekorik ez duen ekimena dela» esanez eman du bilduko dituen zatien berri. Txotxongiloentzat pentsatuta dagoen agertokia egongo da, 250 pertsonarentzat egokituta, eta arte «unibertsal» honen ikuspegi desberdin eta oso bat emango duen museoa ere aurkitu ahal izango da eraikin berri honetan. Euskal Herrian, Europa mailan gertatu den bezala, heziketa modu autodidaktan egin izan da. Honi konponbidea aurkitu ahal izateko, Tolosan eraikiko den zentro honetan lantegiak eta araututa ez dagoen hezkuntza eskaintza egongo da, gehienbat profesionalak birgaitzera zuzendua. Datorren urteko udazkenean irekitzea aurreikusita dagoela esan du Arretxek eta, ekimen honekin, txotxongiloen mundua gehiago ezagut dadin espero dute Titirijaiko arduradunek.

Bilbon, bestalde, Txotxongilo Dokumentategia dago, eta Euskal Herriko zein mundu mailako taldeen informazioa biltzen da bertan. Concha de la Casak azaldu duenaren arabera, taldeen jarraipenaz gainera txotxongiloen funtzio hezitzailea bultzatzeko testuak eta teknikak talde bakoitzak lortu nahi dituen helburuetara moldatzeko laguntza eskaintzen dute Pantzerkikoek. «Heziketarekin oso lotuta daude txotxongiloak; kontuan hartu behar baita antzezteaz gainera egin egin behar diren objektua direla; hortaz, oso aproposak dira». Dokumentategian lan egiteak mundu osoko taldeak ezagutzeko aukera paregabea eman dio Conchari; Euskal Herriko egoeraz galdetuta, hala ere, talde «asko eta onak» daudela ziurtatu du inolako zalantzarik azaldu gabe.

EMANALDI UGARI

Txotxongilo emanaldi asko daudela azpimarratu dute Unima eta Titirijaitik. Antzoki nagusietan ez baino ikastoletan, liburutegietan edo udaletxeetan egin ohi direnez, ikuspen gutxi dutela ere azaldu dute.

ERAIKIN OSOA

Titirijai ekimenaren arduradunek txotxongiloen ikuspegi desberdinei eskainitako eraikuntza bultzatu dute Tolosan. Han, museoa, txotxongiloentzat antzokia eta lantegiak egongo dira, beste gauza askoren artean.

Unima EHko taldeen ibilbidea azaltzeko liburu bat atera dute: «Bitxikeriak»

Bihar 19.00etan aurkeztuko duten liburua izango da aurtengo Txotxongilo Egunak ekarriko duen berrikuntza garrantzitsuena. «Bitxikerak. Andanzas de títeres y titiriteros de Unima Euskal Herria» liburuan elkarte honen inguruan egondako 24 taldeen berri eman dute. Datu teknikoak eskaintzeaz gainera, hauen ibilbidean gertatutako hainbat xelebrekeria azaldu dituzte. Sondikako kultur aretoan egingo dute lan kolektibo honen aurkezpena eta Goiri Plazako etxoletan egongo da salgai. I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo