Chimeresen lantegietako 200 antzezle amateur Colisee antzokian «Faim du Travaix» jaialdian
Urtero legez, iritsi da Biarritzera Chimeres antzerki taldeak ikasleentzako antolatzen duen jaialdia. Datorren asteartetik igandera izango da eta 200 antzezle amateurri eskainiko die oholtza gainera igotzeko aukera.
I.A. | BIARRITZ
Hiru dira urtean zehar Theatre du Chimeres antzerki taldeak antolatzen dituen jaialdiak. Maiatzeko Antzerkiaren ondoren, taldeak berak antolatutako lantegietan parte hartu duten ikasleentzako txanda iritsi da. Astebetez, ekainaren 17tik 22ra, iazko urtean landutakoa taularatzeko aukera izango dute «Faim du Travaix» jaialdian. 20 talde izango dira jaialdian parte hartuko dutenak, horien artean umeak, nerabeak eta helduak. Agertoki handi batean protagonista izateko aukera izango dute datorren astean 200 antzezle hauek, eta ez da toki txikia izango, Biarrizko Colisee antzokian erakutsiko baitute iazko ikastaroetan ikasitakoaren emaitza.
Astean zeharreko emanaldiak 20.00etan hasiko dira eta bi talde ikusteko aukera egongo da, biak sarrera berdinean sartzen direlarik. Larunbat eta igandean, ordea, hiru izango dira ikuskizunak eta 18.30ean hasiko dira. Talde bakoitza koreografo baten gidaritzapean igoko da agertokira eta Sophie Bancon, Catherine Mouriec edota Herve Estebeteguy, besteak beste, azpimarra daitezke hauen artean. Taularatuko diren lanen artean «Prometeo», «Sauterelles», «Jojo au bord du monde» antzezlanak daude. Azken finean, ikasleei astebetez artista ezagunen azalean sartzeko aukera eskaintzen dien jaialdia da hau; Chimeres taldekoek ondo baitakite ikasitakoren baliagarritasuna ikusteko modurik onena praktikan jartzea dela.
Izenburua: «Faim du Travaix».
Egunak: 17tik 22ra.
Tokia: Biarrizko Colisee Antzokia.
Salneurria: 8 euro; 4 (murriztua). Sarrera bakoitzak arratsalde osorako eskubidea ematen du.
Antolatzailea: Theatre du Chimeres.