Euskararen eremua hedatzea, Azpeitiko UEMA Egunaren aldarria
Egitarau ugaria eta anitza prestatu dute bihar Azpeitian egingo den UEMA Egunerako. Jaia eta aldarrikapena, biak uztartuko dituzte. Euskararen egoerak aurrera egin badu ere, zeregin eta erronka handiak dituzte, besteak beste, euskararen eremua zabaltzea, eta parte-hartzea handitzea.
Maider EIZMENDI |
Azpeitiak hartuko du bihar UEMA Eguna «Sustraiak galtzen ez utzi. Euskarari eutsi» leloarekin. Jaia eta aldarrikapena, biak elkartuko dira, beste lau udalerrirekin batera -Areso, Otxandio, Mallabia eta Atxondo-, bihar ofizialki Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartuko den herri honetan.
Jaia eta bere funtsa azaltzeko agerraldia egin zuten atzo UEMAko lehendakari Jon Bollarrek, Azpeitiko Euskara zinegotzi Arantza Isartek eta Azpeitiko euskalgintzaren ordezkari gisa aritu zen Iñaki Martinezek.
Udalerri euskaldunetan azken urteetan aurrerapauso nabarmenak eman direla adierazi zuen Bollarrek, besteak beste, administrazio mailan. Hala eta guztiz ere, ohartarazi zuen ez dela loak hartzeko garaia, «aurrera atera beharreko erronkak badirelako».
Oinarrizkotzat jo zuen, esaterako, «euskara nagusi izango den lur eremua handitzea». «Gaur egun, kasurik onenean, euskarak eremu formalean zein ez formalean erdararekin konpartitu behar du espazioa. Guk garbi daukagu euskarak, biziko bada, erdarak beste lekuetan bezalaxe, bera nagusi izango den eremu bat behar duela». «Herritar eleaniztunez osatutako udalerria -jarraitu zuen-, eta administrazio euskaldun elebakarrak izango dituena aldarrikatzen dugu».
Bideak zabaltzea ere garrantzizko erronka dela adierazi zuen: «Lortu behar dugu egunerokoan arlo guztietan normaltasun osoz euskaraz aritzea, eta horretarako asmoa dugu; udalerri euskaldunak koordinatzea eta plangintza baten barruan egituratzea».
Aipatutakoez gain, UEMAk bere autonomiari eustea eta herritarrekin eta euskara arloan jarduten duten eragileekin elkarlana sustatzea oinarrizkoak direla gaineratu zuen Bollarrek. «Erakundeok erantzukizun handia daukagu hizkuntzaren normalizazioan, baina herritarrek eta eragileek ere bai; bat eginda jokatu behar dugu elkarlanean».
Euskararen presentzia egunerokoan sendotzeko egungo marko juridikoan aurrerapausoak eman behar direla adierazi zuen UEMAko lehendakariak: «Iparraldean euskararen ofizialtasuna berehala lortu behar dugu; eta Hegoaldean, legeen aldaketa, UEMA eta udalerri euskaldunak, oro har, babes bereziko gune izendatzeko, eta politika berezia eta bateratua egin ahal izateko».
Azpeitiko euskalgintzaren izenean mintzatu zen Iñaki Martinez. Azpeitian euskara hedatuta dagoela onartu zuen, «baina lan asko egin dela, eta egiteko ere badela ez dugu dudarik; badira hutsuneak eta eskubideak gainditzeko eta lortzeko».
Jardun horretan aritzeko konpromisoa agertu zuen, «Euskararen normalizazioari gogor ekinez, euskara hizkuntza ofizial bakarra izatea ahalbideratuko duen hizkuntza politika lortu arte». Bide horretan, beharrezkotzat eta txalogarritzat jo zuten Azpeitiko Udalak pasa den apirilean UEMAn sartzeko emandako pausoa.
Erabaki horren gainean, Azpeitiko Euskarako zinegotziak gogora ekarri zuen aspaldikoa dela herria UEMAn sartzeko euskalgintzaren arlotik egindako eskaera, «baina ez da posible izan orain arte, eta legealdi honetan erantzuna emateko erabakia hartu genuen».
UEMA Eguneko egitarauari dagokionez 9.00etatik abiatuta, adin guztietako pertsonei zuzendutako ekimenak antolatu dituztela nabarmendu zuen Isartek, eta herritar guztiei Azpeitira bertaratzeko deia egin zien.
Euskal Herrian Euskaraz elkarteak ere Azpeitira joateko deia egin du: «Eragile honek Euskal Herri osoko udalerri euskaldun guztiak erakunde bakar batean biltzeari berebiziko garrantzia duela uste dugu».