GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Sentsibilitate kontuak

Maribel eta Blanca Bruño ahizpek diru publikorik lapurtu ez zutenez, ihes egin zezaten arrisku handia zegoen, fiskalaren arabera. Epailearen aurrean esan zuten ez zutela zerga iraultzailerik ordaindu, baina epaileak baietz uste du; hala ere, ez zituen fiskalak esandako arriskuagatik kartzelatu, ETAri laguntzen jarrai zezaten saihestearren baizik. Izan ere, baldin ETAri dirua eman bazioten, kalean utzita hurrengo «laguntza» komando batetik egin zezaketen. Beharbada ez, baina badaezpada ere ahizpak giltzapera bidaltzeak ez du lan handirik ematen. Haientzat ezeroso samarra izango da, baina pentsa zer zirrara eragingo dien enpresaburuen erakundeek eskaini dieten elkartasunaren berri izaten dutenean. Bruño ahizpei euskal abertzaleen kontrako terrorismoari lotutako delituren bat egotzi baliete, ez zen ihes egiteko arriskurik izango, ezta ETAri laguntza emateko arriskurik. Besteren diru pixka bat -edo pila bat- poltsikoratu nahi izan balute -beti ere ordena baten barruan- ez zen kontu larria izango, eta epaileek, enpresaburuen antzera, sentsibilitate handia erakusten dute halako kasuetan. Baina beren «hurbiltasun ideologikoak» salatu ditu. Eta horixe da arriskutsuena.

Atzo ere Amurrioko alkate Pablo Isasi epaitu zuten Madrilgo Auzitegi Nazionalean, 2005eko jaietan herriko bi preso politiko erregina eta ohorezko dama izendatzeagatik. EAko presidente Unai Ziarretak bere alderdikidea «jazarpenaren eta manipulazioaren» biktima dela salatu zuen. Beharbada ez zekien alkatearekin batera kultura zinegotzi ohi bat, EAJkoa, eta Herriarenak koadrilako bi kide epaitu zituztela. Beste aukera, Ziarretak azken hirurak ez direla ezeren biktima eta «terrorismoa goratzeagatik» epaitu izana bidezkoa dela uste izatea, baztertu egiten dut.

Aste honetan tertulia batean, «El Correo» egunkariaren aurkako atentatua hizpide zutela, solaskideek beren elkartasuna erakutsi ondoren, haietako batzuek kazeta horren eta beste zenbaiten sentsibilitate falta nabarmendu zuten, «Egunkaria» itxi zutenean erakutsi zutena, hain zuzen. Adibide bat da, bai, baina baita sentsibilitate(ez)aren adierazlea ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo