GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko finalerako material aukeraketa

Beteranoaren zalantzak eta hasiberriaren ziurtasuna

Barriolak «izaeragatik, finaletara itota» heldu ohi dela aitortu zuen arren, Bengoetxea oso lasai agertu zen

p044_f01_199x116.jpg

Jon ORMAZABAL | DONOSTIA

Paperak nolabait aldatuta ikusi genituen Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea, jaialdi asko baino jarraitzaile eta txalo gehiago bildu zituen Buruz Buruko finalerako material aukeraketan. Espero bezala, aurkeztutako pilotekin inork ez zuen inolako arazorik izan, baina gero, prentsaren aurreko agerraldian, beteranoak hasiberriarenak behar luketen zalantzak agertu zituen, final handian lehen aldiz den gazteak, ordea, txapelduna izandakoaren lasaitasuna agertu zuen.

Iturri beretik edan eta frontoi berean ikasi izanagatik, oso pilotari desberdinak dira Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea, eta hori oso argi geratu zen lehen unetik. Bakoitzaren joko moldeak eskatzen duen modura, pilota antagonikoak aukeratu zituzten: lurrean gutxi ibili eta frontisean asko irteten diren 104,8 eta 105,3 gramotako Cipriren bi, Barriolak; eta aurreko paretan baino, lurrean gehiago dabiltzan Punparen 105,8 eta 105,5ekoak, Oinatzek. Asmoak, argi bi kasuetan: aurrelariak joko «nahasi eta bortitza» bilatuko du; atzelariak, ondo sakatzea eta piloteoan nagusitzea. Hori bai, bakoitzak berea aurkitu zuenez, enpresetako hornitzaileek primeran egin zuten beren lana; kexarik ez zen izan.

Izaeran ere apenas dute antzik Barriolak eta Bengoetxea VI.ak. Biak dira mutiko alai eta jatorrak, baina Aspekoa askoz patxadatsuagoa den moduan, Asegarcekoa nerbio hutsa eta bizi-bizi erantzuten ditu egindako galdera guztiak. Kezkak ere ziztu bizian uxatzen dituenaren inpresioa ematen du, eta horrexegatik oso lasai egotearen itxura eman zuen une oro. Barriolak, aldiz, ezin izan zuen jokatutako azken bost finalak galdu izanaren pisua gainean daramala ezkutatu.

Pronostikoez eta faboritoez ari zela, behin eta berriz aipatu zuen Leitzako atzelariak «finalak partida oso bereziak» direla. Azken ordu hauetan zer egingo duen galdetu, eta zintzo onartu zuen «egia da nire izateko eragatik finaletara itota iristen naizela».

«Itota iristen naiz lehen esan bezala, final bat beti berezia delako, presio berezia du; azkeneko bost finalak galdu ditut, eta horrek zerbait esan nahiko du. Ez zait iruditzen presio gehiago daukadanik, baina pilotariak txapela irabazteko gogo handia izan ohi du, eta gogo hori antsietate bihurtzen da. Egia da final askotan arinegi ibiltzen naizela», azaldu zuen.

Gauza berrien aurrean, hasiberriak beti izan ohi ditu zalantzak, baina Oinatzek erantzun motz eta biziekin, itxuraz behintzat, azkar uxatu zituen. Finalerako sailkatuta hilabete eman duen arren, final batek dakarren parafernalia hori ez omen zaio luzeegia egin, nahiko lasai hartu du. «Niretzako gauza handia da, baina partida garrantzitsuak lehen ere jokatu ditugu, eta nahiko lasai nago».

Zortziaren sorginkeria

Zalantza uneetan, zerbaitetan sinesteak indar handia ematen du, eta txapelketa honetan «nahiko maniatiko» dabilela onartu zuen Oinatzek. Aurkitu du, baina, bere heldulekua: «Aurten, ez dakit zergatik, baina urte ona izango zelako susmoa neukan. Ni 1984-08-28an jaio nintzen, nire zenbaki gogokoena 8a da, eta aurten 2008a izanda, urtea hasi zenean urte ona izango zela iruditu zitzaidan. Binakakoan ezin izan genuen nahi bezain gora heldu, baina Buruz Burukoan gauzak oso ondo doazkit», azaldu zuen.

Abel Barriolak, aldiz, sekula baino arriskutsuago ikusten du igandean arerio izango duen pilotaria. «Jokatzen duenaz aparte, pilotari bat askoz ere arriskutsuagoa da berak aurten daraman ibilbidea daramanean. Ez du presiorik, dena ongi ari zaio irteten. Ni, lehen finalean, Belokiren aurka, jokatzera eta disfrutatzera irten nintzen eta gauza denak ondo atera zitzaizkidan», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo