Los Lobosen mugako musika eta Blind Melonen rock alternatiboa izango dira Azkena Rock Jaialdian
Gasteizko musika jaialdiak itxi ditu jada irailaren 4, 5 eta 6an izango dituzten emanaldi gehienak. Blues Explosion, The Gutter Twins, John Cale edota Sorkun & Vicepresidentes dira iragarritako batzuk.
GARA | GASTEIZ
Last Tour Internationalek jakinarazi duenez, Los Lobos, Blind Melon, Blues Explosion, John Cale & Band eta The Sonics taldeak izango dira, besteak beste, Gasteizko Azkena Rock Jaialdian.
Aipatu taldeez gain Danko Jones, The Gutter Twins, Blue Cheer, Duff McKagan's Loaded, Donita Sparks, Orange Globin, The Quireboys, Truly, Sex Museum, The Royal Cream, Viaje a 800 eta Animal Alpha ere izango dira Mendizabala gunean irailaren 4, 5 eta 6an. Euskal ordezkaritzari dagokionez, Sorkun & Vice Presidentes eta Las Culebras taldeak izango dira jaialdiko zazpigarren edizio honetan. Gogoratu behar da Las Culebras talde nafarrak «Bilbao Hiria» Pop Rock Lehiaketako Euskal Herriko talde onena izateagatik joko duela Gasteizen.
Rock alternatiboa
Horiek horrela, Blind Melon, 1990eko hamarkadako rock alternatibo estatubatuarraren banda nagusietakoa, izango da Azkena Jaialdian, bai eta Jon Spencer handia buru duen Blues Explosion eta Mark Lanegan-ek eta Greg Dullik osatzen duten The Gutter Twins ere. Halaber, The Sonics talde mitikoa Euskal Herrira itzuliko da -duela bi aste Bilbon izan ziren-.
Los Lobos taldea, bere aldetik, mugako soinuen eta rockaren mestizajearen aitzindaria da. Blue Cheer 1960ko hamarkadaren bukaeran sorturiko stoner rock estiloko taldea da eta John Cale, Velvet Underground taldeko kide ohia, ere Gasteizen izango da. Danko Jones kanadarrak, bestalde, eskaini ohi duen zuzeneko ikusgarri eta indartsua ekarriko du, eta Guns & Roses taldeko baxu-jotzaile ohi Duff McKaganek bere talde berriarekin joko du. Donita Sparks L7 taldeko buru ohia da eta Orange Globin Britainia Handiko stoner estiloko talde nagusia da.
Hard rock soinuak jartzeko ardura The Quireboys talde ingelesak izango du. Soundgarden eta Screaming Trees taldeetako kide ohiek osatzen duten Truly taldea ere gonbidatu dute Azkena Rockera.
Estatu espainoletik Sex Museum madrildarrak -2002an ere jaialdian izan ziren- eta Viaje a 800 andaluziarrak izango dira jaialdian. The Royal Cream suediarrek eta Animal Alpha norvegiarrek osatzen dute orain arteko egitaraua.
Sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai 50 eurotan jaialdiko hiru egunetarako; eskaintza hori uztailaren 10ean amaituko da.
Bonu horrekin jaialdiko hiru egunetara eta kanpatzeko zonaldera sar daiteke.