GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Gipuzkoako Txapelketa

Irigoien eta Ostolatza dira txapela janzteko hautagai nagusiak

Izeta III.a, Izeta IV.a, Eizmendi eta Telleria II.a ere izango dira etzi arratsaldean, 18.00etan hasita, Errezilgo plazan jokatuko duten final ikusgarrian

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ikusmin handia piztu du etzi arratsaldean, 18.00etatik aurrera, Errezilgo plazan jokatuko den Gipuzkoako Harri-jasotze Txapelketak. Izan ere, maila handiko kirolariak parte hartuko dute bertan, eta tartean Aimar Irigoien izango da. Errezildarra etxean ariko da, eta hemendik hiru hilabetera jokatu behar duen apusturako nola prestatzen ari den ikusi nahi du jendeak. Hori bai, apustu hartan aurrez aurre izango duen kirolaria, Izeta II.a, ez da izango. Aiarrak lehiaketa ofizialak utzi egin zituen orain dela pare bat urte, eta ez da Errezilen izango.

Izeta II.a izango ez bada ere, gaur egun harri hauekin dauden onenetakoak izango dira Errezilen, nahiz eta txapelaren lehian aritzeko faborito nagusiak Irigoien eta Ostolatza izango diren. Zestoarrarekin, eta errezildarrarekin batera, Izeta III.a, Eizmendi, Izeta IV.a eta Telleria II.a izango dira.

Erabili, berriz, 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kilotako kubikoa eta 100 kiloko bola erabiliko dituzte. Bakoitzarekin hiru minutuko txandak izango dituzte lanerako, eta amaieran kilorik gehien bizkarreratzen dituenak jantziko du txapela.

Dudarik gabe, Irigoien eta Ostolatza izango dira irabazteko bi hautagai nagusiak. Gauzak normal joanez gero, bien artean egongo da lehia. Azkenaldian Aimarrek gaina hartu dio Ostolatzari, eta saiatuko da etxean hutsik ez egiten. Zestoarra prest joango da, ordea, Irigoieni ezustekoa emanez txapela lortzeko.

Besteak

Bi faboritoek, ordea, gauzak ongi egin beharko dituzte. Izeta III.arekin eta Eizmendirekin ere tentuz ibili beharko dute, aurrekoek hutsik egiten baldin badute prest agertuko baitira bi faboritoei aurrea hartzen. Izeta III.ak garbi erakutsita dauka zenbaterainokoa den bere maila, eta Eizmendik nabarmen egin du gora azkenaldian.

Badirudi, Izeta IV.a eta Telleria II.a direla aukerarik gutxien dituztenak, baina aiarra eta urnietarra ahaleginduko dira lan on bat egiten, ahalik eta posturik onena lortzeko.

Gipuzkoako Harri-jasotze Txapelketa honek badu beste datu pozgarri bat ere: kirolarien adina. Bi besterik ez dira izango 30 urtetik gorakoak, izan ere, beste guztiek 20 urteak gertuago dituzte 30ak baino, eta hori dudarik gabe, etorkizunari begiratuta, oso berri pozgarria da.

harriak

Kirolariek hiru harri ezberdin erabili beharko dituzte: 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola hartu beharko dituzte, eta bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte lanerako.

Gazteak

Txapelketa honetan ariko diren kirolarien adinari begiratuta, berri pozgarri bat, nabartzekoa, denak direla oso gazteak. Bik 30 urte pasata dituzte, baina besteek 20 urteak gertuago dituzte.

Txingan ere, Errezilen erabakiko da txapelduna

Etzi arratsaldean Errezilera doazenek, ez dute bakarrik harri-jasotzaileak ikusteko aukera izango, herrialdeko txingalarien txapela ere bertan erabakiko baita. Honako kirolari hauek eman dute izena txapelketan: Agirregabiria, Ituarte, Urreisti eta Zubiaurre.

Kirolari bakoitzak 50 kiloko txingak erabili beharko ditu esku bakoitzean, eta helburua ahalik eta plazarik gehien egitea izango da, eta bakoitzak nahi duen beste denbora izango du lan horretarako. Agirregabiria da irabazteko faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo