GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Dauphine-Libéré

Mendiko aurreneko egunean Cyril Dessel izan da indartsuena

Ag2r-ko beteranoa sailkapeneko laugarren postuan dago, liderrarengandik minutu batera. Orbeako Sergio De Lis, Circuito Montañés-eko lider berria da

GARA | ANNEMASSE

Dauphine-Libéré proban atzo izan zen aurreneko mendiko etapa, lehen mailako Saleve gaina Annemasse-ko helmugatik 18 kilometrora zegoen-eta. Hala, Ag2r-ko Cyril Dessel frantsesa izan zen bizkorrena, bera izan baitzen, Euskaltel-Euskadiko Juanjo Oroz eta Quick Step-eko Juanma Garate tartean zituen ihesaldi handi bateko gizonik indartsuena. Ondorioz, sailkapen nagusiko laugarren postura jauzi egin zuen 33 urteko txirrindulariak, lider jarraitzen duen Alejandro Valverderengandik minutu eta 8 segundora.

Ihesaldietarako egun aproposa zen atzokoa. Gaur eta bihar izango dira etaparik gogorrenak, eta Alpeetako mendate itzel askoak igo beharko dituzte. Hala, 16 txirrindularik erraz asko egin zuten hanka. Baina horiek ere ez zuten bake handirik bilatu elkarren artean, eta azken mendateari bakarrik ekin zion Crédit Agricole taldeko Pierre Roland-ek, Dessel segika zuela. Atzetik, 16ko taldea sakabanaturik zetorren. Tropela, berriz, Caisse D'Epargneren menpean. Valverdek ez zuen maillot horiari eusteko arazorik izan atzo.

Desselek atzetik aurrera egin zuen Saleven gora, eta gaina igarotzen aurrena izan zen. Baina Roland orpoz orpo zetorkion eta, beraz, beheranzkoan arriskatu egin behar izan zuen etapa garaipena bermatzeko.

Gaurko etapak Ville la Grand eta Morzine lotuko ditu, 125 kilometro, beraz, eta tartean Joux Plane gogorra igo beharko dute.

Circuito Montañés

Orbea-Oreka taldeko Sergio de Lis txirrindularia da Circuito Montañés probako liderra. San Felices de Buelna eta Laredo artean izan zen bigarren etapa eta txirrindulari donostiarra Fuerteventura-Canarias taldeko Gabriel Hernándezekin batera ihes eginez iritsi zen helmugara, baina azken horrentzat izan zen etapa garaipena. Tropela lau minutura helmugaratu zen.

Hirugarren etapak 174 kilometro ditu, Santoña eta Mailaño artean.

UCI-ASO tirabirak

UCIk Frantziako Federazioa 6.200 euroko isunaz zigortu du «Paris-Niza UCIren markotik kanpo antolatzeko eskatzeagatik». UCI eta Tourreko antolatzaile ASOren arteko tirabiraren beste atal bat da hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo