GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Aljeria betiko frantsesa? Bai to!

De Gaulle jenerala iritsi da Oranera. 1958ko ekaina da. Aljerian barna dabil «askatasuna, berdintasuna, anaitasuna» lelopean, eta izugarrizko harrera egiten diote nonahi. Oranen, adibidez, 100.000 lagun baino gehiago bildu dira ongietorri beroa eskaintzeko. Azken egunetako mezuak errepikatu ditu De Gaullek: frantziar musulmanen eskubideak aipatu ditu, eta argi utzi du Armadak bermatuko duela Frantziak emandako hitza, hau da, Aljeria beti frantsesa izango dela.

«Diario de Navarra»n aurkitu dut bitxikeria. Duela 50 urte argitaratu zuten aipatu dudan informazioa. Informazioa, zerbait esateko, jakina. Oso sinesgarria irudituko zitzaien «Diario»ko buruei Aljeriatik iristen zen istorioa, baina iragandako 50 urteek agerian uzten dute De Gaulle-en martxa hura ez zela hain triunfala izan. Aljeria beti frantsesa zioten mezuak atzokoak dira, nolabait esateko. Atzo Aljeria Frantzia zen, legalki, politikoki, ofizialki. Kolonialistek ez zuten inoiz onartuko kolonia aske uztea aljeriar herriaren borrokagatik izan ez balitz. Frantziako Armadak gogotik ekin zion lanari, baina azkenean gaindituta geratu zen. Eta frantziarrek Aljeriarik joan behar izan zuten.

Politikarien irmotasun adierazpenen gibelean, askotan, ahulezia besterik ez dago. Hemen, gaur egun, itxikeria aldarrikapen sutsuak aditzen ditugu etengabean baina, atzean, zer dago? Indartsu al dago Gobernu espainola Euskal Herriaren aurrean? Alfonso Guerrak esan du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autonomia bertan behera utzi beharko lukeela Estatuak, herri kontsulta aurrera joanez gero. Hau da estatu indartsu baten jarduera? Hau beldurra da, izugarrizko beldurra. Ez zuten 1978ko Konstituzioa egin 30 urteren buruan arazo berak izateko. Ez zuten autonomien estatua egin Estatu espainolaren oinarriak etengabe zalantzan segitzeko. Arazoa betiko lurperatzen ari zirela uste zuten, eta orain ez dute alternatibarik, ez dira irtenbide ausartei ekiteko gai. Guerra eta Rodríguez Zapatero 1958ko De Gaulleren posizioetan daude. Baina De Gaulle-ek berak, 1960an onartu zuen noizbait Aljeriako Errepublika egingo zela. Noiz hasiko da Guerra eta Zapateroren eboluzioa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo