Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria
Zenbait kabala idazleon efemerideaz
Hiru hizkuntzetako idazleok izaera komun gaurkotua aldarrikatu nahi dugu, Monzonen garaian bezalatsu, kultura denak berdindu nahi dituen Espainiako Estatuan Galeusca Idazleen Elkarteen Federazioak nortasun eta erabateko gaitasun juridikoa izango du kataluniar, galiziar eta euskal idazleak ordezkatzeko, sustatzeko eta defendatzeko
Hirurogeita hamabost urte badira Espainiako estaturik gabeko hiru nazioek «Itun Hirukoitza» Bartzelonan iragarri zutenetik.
Duela hirurogeita bost urte, berriz, eta Espainiako Errepublikak gaztelaniaz besteko kulturei eskaini zien begirune urriaz eskarmentaturik, Galeusca izena eman zion Telesforo Monzonek gailego, katalan nahiz euskaldunon berariazko elkarteari, uda hartan Galiziako Santiagon partaide guztiek onartu eta sinatutako izendapena.
Bi urte ondoren, eta Eduardo Pondal poeta gailegoaren jaiotzaren ehungarren urteurrenaren karietara, Lauaxetak aipatu hiru hizkuntzetako idazleon arteko elkarlanerako deia zabaldu zuen.
Franco hil eta gero, hiru kulturetako idazleok Pobleteko Galeusca berreskuratuan berriro biltzen hasi ginenetik mende laurdena igaro da dagoeneko, Euskal Idazleen Elkartea, bere sorrera gogorarazteko, aurten ospatzen ari den efemeridea bera.
Ephemeris/idos adierazpena greziar zaharrek eman ziguten egunerokoa edo egunkaria izendatzeko... edo, hobeto esanda, egunero gogoratu beharko genukeena azaltzeko. Horixe da aurtengo Galeuscan lantzeko aukeratutako ikergaia: norberaren izaera idazten duten dietarioak.
Baina ekainak hamabost egiten dituen honetan, orduko Poblet monasterioan bertan berriro ere elkarturik, hiru hizkuntzetako idazleok izaera komun gaurkotua aldarrikatu nahi dugu, Monzonen garaian bezalatsu, kultura denak berdindu nahi dituen Espainiako Estatuan.
Elkarren artean baina bakoitza beretik, izaera juridiko berri honekin egunero gure berezko nortasuna idazten jarraitzeko indar metaketa areagotzen joango garelakoan gaude.
Jadanik bost urte pasa dira «memoriak» gaia ere aztertzeko Gernikan batzartu ginenetik. Haren ondoren argitaratutako liburuan Kirmen Uribek izkiriatu zuen «(...) Hizkuntza batek ez daki onaren eta txarraren berri... Hizkuntza batek ez du inor hiltzen, batu egiten gaitu... baina hori bai, hizkuntza bat hil egiten da» («Galeusca». Pamiela. 196. or.).
Ildo beretik idatzi du Abelin Linazisorok «Guk aspaldi ikasi genian lezio hori. Euskara kulturarekin, euskaldunon memoria historikoarekin eta nazio ideiarekin ez badugu lotzen, zer arrazoi egon daitezke euskaraz aritzeko?» (in Odriozola, J.M. «Abertzaleak eta euskara». Elkar. 136. or.)
Berriki Iñigo Aranbarrik zioen: «Euskal Herria inoiz egingo baldin badugu, sare kultural sendo batetik sortuko da» («Argia», 2.140; 14 or.).
Horra, horrenbeste urte pasaturik, gure Galeusca gaurkotua, izaera juridiko bateratua emango diguna. Sare kulturala landu eta erabili nahi dugulako guk bezalako arazoak dituzten kulturekin, historikoki gertuen dauzkagun hizkuntzekin.
Beraz, Euskal (EIE), Galiziar (AELG) eta Kataluniar Idazleen Elkarteak (AELC) Galeusca Idazleen Elkarteen Federazioa sortzea deliberatu dugunez, nortasun eta erabateko gaitasun juridikoa izango du hemendik aurrera kataluniar, galiziar eta euskal idazleak ordezkatzeko, sustatzeko eta defendatzeko: bazkide dituenen ekintzak koordinatzeko; eskubide profesionalen defentsan eraginkortasun handiagoa izateko; modu bateratuan aritzeko; autonomia erkidegoetan zein europar erkidegoan, administrazio publikoko erakundeen nahiz erakunde pribatuen aurrean, normaltasuna bultzatzeko literaturan, adierazpen eta euskarri desberdinetan, idazlearen lanbidean; eta hizkuntza horien erabilera sozialean edota sorkuntzan sustapen politikoak eragitearren loturak bultzatzeko idazleen interesak ordezkatzen dituzten federazio edo elkarteekin, eta literatur ekoizpena bere alderdi guztietan zabaltzeko, eta komunikazioa ahalbidetzen dituzten enpresekin edo agenteen federazio eta elkarteekin harremanetan jartzeko ere bai.
Federazio honek ahalbidetuko du, adibidez, Espainiako Kultur Ministerioaren aurrean hiru elkarteek ordezkatuko dituen mintzakide bakar bat izan dezatela, eta nortasun juridiko bakarra eta alderdi juridikoan erabateko gaitasuna (hitzarmenak sinatzeko, dirulaguntzak jasotzeko, idazleen lanbideari buruzko arauak negoziatzeko, etab.).
Helburu horietarako, honako jarduerak egingo ditu Federazioak: alde batetik, hizkuntza ezberdinak eta genero eta euskarri desberdinetan egindako literatur ekoizpena zabaltzea eta sustatzea. Bestetik, gai profesionalei buruzko ikerketa eta heziketa programak garatzea eta azterketa monografikoak enkargatzea. Horretaz gain, biltzarrak, mintegiak, ikastaroak, erakusketak eta beste jarduera kolektibo batzuk antolatzea. Eta azkenik, agiriak, azterlanak eta zabalkuntza lanak argitaratzea, eta erakunde publiko nahiz pribatuetan parte hartzea. Federazio honek erabateko nortasuna emango dio orain arte batzar «informal» bat izan den Galeuscari. Abiatzen den unetik bertatik, osatzen duten elkarteei ordezkaritza emango die, nork bere burujabetzarik galdu gabe. Aldi berean lagungarri izango da informazioa eskuratzeko, jarduera bateratuak bultzatzeko eta baliagarria, oro har, kudeaketa ekonomiko zein administratiborako.
Arestian esan bezala, hirurogeita hamabost urte badira Espainiako estaturik gabeko hiru nazioek Itun Hirukoitza Katalunian iragarri zutenetik eta, oraingo honetan, Poblet monasterioan sinatutakoarekin, ezin esan ospakizun hutsa egiten dugunik.
Aitzitik, idazketak, berriz ere, efemerideak efimeroa gainditzeko balio duela erakutsiko baitu.