GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Lorea Zezeaga eta Unai Hernandez Euskal iheslari politikoak

Euskal iheslarien egoera: oinarrizko eskubideei etengabeko erasoa

Egoeraren irakurketa politikotik harago, iheslarien eguneroko errealitatea dago. Estatuen tratuen truke txanpona gara, eta eguneroko bizitza infernu bat bilakatzen zaigu askotan

Hedabide ofizialek era interesatuan errealitate hau tapatzen entseatzen badira ere, gaur egun bagara ehunka Ipar Euskal Herrian (2.000 inguru munduan zehar) gatazka politikoaren ondorioz inolako ezagupenik gabe eta dagozkigun eskubideak zangopilaturik bizi garen iheslariak. Ez da datu berria, batzuek ez dute errealitate hori ikusi nahi, baina azken mendean eta honen hastapenean Euskal Herriaren historia politikoaren pasarte triste bat da.

Harrigarria badirudi ere, XXI. mendean bada oraindik Europaren bihotzean beren ideia politikoak defendatzeagatik, demokrazia eza salatzeagatik, torturaren beldurrez ihes egiteagatik, jazarriak babesteagatik jazarpena pairatzen dutenak. Izan ere, frantses eta espainiar estatuek abian ezarri duten tresneria errepresibo judiziala eta errepresio hau justifikatzeko bonbardaketa mediatikoa inoiz ezagutu ez dugun heinera eraman dute. Formateatze ideologiko horrek gaur egungo Europan iheslari politikorik izateko arrazoirik ez dagoela iradokitzen digu, baina errealitateak behin eta berriz euskal iheslariak gatazka baten ondorio garela frogatzen digu. Azken asteetan zinemetan ikusi ahal izan dugun GALi buruzko film polemikoa ere bide horretatik doa, baina ezin izan du sakoneko arazoa saihestu: hemen eskubide urraketa eta demokrazia gabeziak du gatazka sortzen eta mantentzen.

Baina egoeraren irakurketa politikotik harantzago iheslarien eguneroko errealitatea dago. Estatuen tratuen truke txanpona gara eta eguneroko bizitza infernu bat bilakatzen zaigu askotan. Poliziaren asmakeriaren eta inolako oinarri juridikorik gabeko euroagindu ren baten mehatxuaren menpe, kanporatua eta espainol poliziaren eskuetan gelditzearen beldur, askotan lan egiteko eskubide eta segurantza sozialik gabe, prekarietate horretan ezinezkoa zaigu gure bizitza etorkizunean proiektatzea. Bitartean, gure eginkizuna argia da: Euskal Herrian gertatzen denaz lekukotasuna eskaini, bidegabekeria salatu eta nazioartean iheslari politiko gisa gure nortasuna aldarrikatu.

Baina ez gaude bakarrik, gure herriaren alde hartutako engaiamenduak eta egoera hau gainditzeko biltzen dugun elkartasunak indarrak ematen dizkigu aitzina egiteko. Badakigu anitz direla era ezberdinetako errepresioek hunkitzen dituzten kolektibo eta pertsonak, baina guk, gure txokotik, gure egoera amaigabearen lekukotasuna eman eta argitara atera nahi dugu, amnesia interesatua dutenenei inarrosaldi bat emateko. Horregatik da hain garrantzitsua gaur, ekainak 14, Baionan errepresio mota guzien kontrako manifestazioan beste behin ere milaka izan gaitezen «aski da!» oihukatuko dugunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo