GARA > Idatzia > Euskal Herria

Behatokiak hizkuntz eskubideen inguruko 440 urraketa jaso ditu Nafarroan

Behatokiko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan ziren atzo 2007ko hizkuntza eskubideen urraketen berri emateko. 440 espediente jaso dituzte; horietatik 266 erakunde publikoei zuzendu zaizkie.

p016_f02_097x096.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbao eta kudeatzaile Arantza Haranburu Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean izan ziren atzo, iragan urtean bildutako kexen berri emateko. Bertan, Nafarroan herritarren hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen direla berretsi zuten.

Guztira, 440 espediente zabaldu dituzte Nafarroako herritarrek; 266 kexa erakunde publikoei zuzendu dizkiete eta erakunde pribatuei zuzendutakoak 174 dira. Horietatik, Nafarroako Gobernuak 130 kexa jaso ditu, Estatu espainoleko administrazioak 68 eta Nafarroako udalek beste hainbeste.

Gauzak horrela, Paul Bilbaok nabarmendu zuenez, egun herrialdean indarrean dagoen «ordenamendu juridikoak nafarren artean bereizkeria» eragiten du, «herritar guztiei betebehar berak ezartzen zaizkien arren, eskubide desberdinak aitortzen baitzaizkie». Bilbaoren ustez, «horrek herritarren berdintasun-printzipioaren kontra egiten du».

Kasu guztien artean, Behatokiko zuzendariak 2007an Altsasuko eta Elizondoko polizia-etxeetarako lan deialdian gertatutako «iruzurra» bereziki nabarmendu zuen. «Nafarroako Gobernuak hainbat trikimailu baliatu zituen lan deialdi horietan euskara merezimendu gisa ez baloratzeko, eta hori argi azaldu diegu parlamentariei», adierazi zuen.

Informazio falta

Bestalde, Bilbaok azaldu zuen Osasunbidean aurten 250 lanpostu eskainiko direla eta Gobernuak ez duela oraindik esan «zenbat lanpostutan izango den derrigorrezkoa euskararen ezagutza». «2001. urtetik Nafarroako Gobernuko plantilla organikoa handituz joan da, baina ez dakigu handitu den heinean zenbat lanpostu berriri ezarri zaion euskararen derrigorrezko ezagutza. Gure ustez nahitaezkoa da informazio hori izatea, seguru asko oso datu kezkagarriak jasoko ditugulako», salatu zuen Behatokiko zuzendariak.

Gainera, gogora ekarri zuen 2006an Nafarroan onartu zen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legeak «ikusezin» bihurtu dituela euskaldunak. «Horren ondorioz, interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituztenek hainbat atzerapauso eman dituzte. Adibidez, orain Telefonicak eremu euskalduneko bezeroei fakturak erdara hutsean bidaltzen dizkie».

lege urraketa

Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok nabarmendu zuenez, Nafarroan euskararen lege esparruaren egokitasuna alde batera utzita, Sanzen gobernuak legea bera ere «urratu» egiten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo