GARA > Idatzia > Saskibaloia

NBA

Markagailua iraulita, hirusta berdeak eskura du eraztuna

24 puntuko aldeari buelta eman zion Boston Celticsek, eta Riversen mutilek, hiru lehia falta direnean, garaipen bakarra behar dute NBAko titulua lortzeko

p042_f02_097x076.jpg

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Esku-eskura du Boston Celticsek, 22 urte eta gero, NBAko eraztuna lortzea. Izan ere, marea berdeak finaletako hirugarren garaipena erdietsi zuen bart goizaldean Los Angelesen. Ez zen batere erraza izan, baina bigarren zatian defentsan -Lakersi 33 puntu eskas egiteko tartea utzi zioten- eta erasoan eginiko erakustaldiak txapeldunak izateko atarira ekarri ditu. Hiru partidaren faltan, hirusta irlandarraren taldeak garaipen bakarra behar du eraztuna janzteko. Horietako bi, gainera, Bostonen.

Atzoko partida ikusi zuten gehienek ez dute lehia berehala ahaztuko. Norgehiagokaren hasierak bukaerarekin ez zuen inolako zerikusirik izan. Are gehiago, lehen laurdenerako partida erabakita zegoela uste zuenik egongo zen, eta ez da harritzekoa, Lakersek 24 puntutako errenta izatea lortu baitzuen.

Horien artean, denek eman zuten aurrepausoa, bazirudien Lamar Odonek eguna zeukala, Gasolek puntuak sartzen zituen taulapetik eta Radmanovicek kanpotik bi hirukoekin indargabe utzi zuen Celticsen defensa. Kaliforniarren izar nagusia ez zen agertzen, Kobe Bryant, baina errepartoko aktore gehiago agertu ziren Phil Jacksonen mutilen beroaldiari eusteko. Vujacicek edo Waltonek jarraikortasuna eman zioten sukar horiaren unerik gorenari, eta 45 eta 21 jarri zuten markagailuan.

Bostonek erortzear zirudien, baina kirola epikarekin lotzen duen harremanaren beste pasarte baten atarian geunden, besterik ez. Izan ere, berdeek 0-12 partziala egitea lortu, eta arnasa hartu zuten behingoz. Desanbantaila hura erdira jaitsi zuten, baina aurretik lana erruz egin beharko zuten, atsedenaldira 18 puntugatik galtzen ailegatu baitziren: 58-40.

Bigarren zatian panorama erabat aldatu zen. Glenn «Doc» Riversen mutilak partidara itzuli ziren eta denboraldiko talderik onena bilakatu dituen bertute guztiak azaleratu zituzten; hasteko, beren defentsa indartuz. Baina bazirudien Lakersek partida kontrolpean zuela oraindik. Arratoia eta katua bezala ari ziren, aldeak etengabe handituz eta murriztuz. Sokak nonbaitetik eten behar zuen, eta azkenean, Bostonek ondo baino hobeto heldu zion arerioari.

Hirugarren laurdeneko minutuak aurrera joan ahala, aldea txikitu zuten. Allen, Pierce eta Posey aurrean eta House, eta P.J. Brown ordezkoak atzean eginiko lanak 3-21 partziala ekarri zuten. Boston, bi puntuko aldera, eta Bryant -bart soilik 17 puntu egin zituen-, Odom eta Gasol partidatik erabat desagertuta.

Azken laurdenean, berdeek lasaitasun handiagoa erakutsi, eta lehen aldiz aurretik jarri ziren. Horrela, Bostonen izarrek, Pierce, Garnett eta, batik bat, Allenek hartu zuten ardura, eta azkeneko 91-97a ezarri zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo