Top 14
Denboraldi amaieran, euskal taldeek ez dute ezer jokoan
Biarritzek etxean Castres hartuko du eta Avironek, berriz, Tolosan neurtuko ditu indarrak Staderen aurka. Partida hauekin amaituko da aurtengo sasoia.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Badoa, bukatzear da aurtengo denboraldia, gaur arratsaldeko partidekin fini aurtengoz. Top 14ko bi euskal taldeentzat oso bestelako denboraldia izan da aurtengoa.
Biarritzek, urtero bezala, dena irabazteko taldea egin du, bai Liga, bai eta Heineken kopa ere. Alabaina, ez du ez bata ez bestea irabaziko. Ligan ez du finalerdietarako txartelik lortuko, eta Europakoan berehala kanporatu zuten. Taldeko jokalariek ere onartu dute azken hamarkada honetako denboraldirik txarrenetakoa izan dela amaitzera doan hau.
Gaur, Castres hartuko dute Agileran 15.00etatik aurrera. Bosgarren postua dago jokoan, baina horrek ez du aparteko garrantzirik orain. Biak, gainera, Heineken Koparako sailkatuta daude.
Zuri-gorrien artean Betsenen, Avrilen eta Dupuyren azken partida izango da, eta zaleen aurrean irabaziz amaitu nahi dute. Hala ere, Serge Betsenek baditu arazo batzuk, eta ez da ziurra parte hartuko duen.
Ordu berean hasiko du Avironek partida Tolosan. Neurketa honek ere ez du inongo garrantzirik. Avironek mailan jarraitzea segurtatuta dauka, eta Tolosak ere finalerdietarako txartela lortuta du.
Hala ere, Avironek azken urte hauetako denboraldirik onena egin du, eta hori ospatu nahiko lukete, nahiz eta partida honek garrantzirik ez duela agerian geratu den. Astean entrenamendu bakarra egin du Avironek, eta minutu gutxien izan dituztenek jokatuko dute gaur. Tolosak ere gazteei eman nahi die aukera, finalerdiak gertu dituzte, eta ez baitute inongo arriskurik hartu nahi.