Buruz buruko finala
Dirua nabarmen Barriolaren alde
Sondikan bazkaria izan zuten txapeldun ohiek gehiegizkotzat jo zituzten atzelariaren aldeko 1000/250eko momioak
Ez digute inolaz ere etorkizuna iragartzen, baina igandean Atano III.ean gerta daitekeenaren zantzuren bat izateko, apustuak kontuan hartzekoak izan daitezke. Artekariei galdetuz gero, klasikoei nahiz Internet bidezko berritzaileenei, iragarpenak argiak dira, argiegiak agian Abel Barriolaren alde. Frontoiko artekarien esanetan, atzelariaren aldeko 1000/250eko momioak kantatuko dituzte, Interneten berriz, Bengoetxea VI.aren alde 1,47 euro jokatzen dituenak, 3,5 jasoko lituzke aurrelariak bihar txapela janztea lortuko balu.
Tolosako Cantabrico taberna izan ohi da halako zita handietan erreferentziazko beste leku bat, baina iaz Lakuako Gobernuak apustuak bideratzea debekatu zionetik -2000 euroko isuna ezarri zioten Barriola eta Titinen arteko Lau eta erdiko finalaren ostean- bide berriak bilatu behar dituzte euren sosak jokatu nahi dituztenek.
Gasteizko Gobernuak apustuetarako banatu dituen lizentziak oraindik homologatu gabe daudenez -Joko Olinpikoetarako ere ez dira indarrean egongo- Internet da zaleak aurki dezakeen biderik errazena. Mundu honetan pilotak oraindik indar handirik ez badu ere, Betfair enpresak ematen du apusturako dirua, eta hemen ere Barriola da faborito garbia.
Enpresa honetako estatu mailako arduraduna den Sacha Michaudek atzo GARAri honen ingurukoak azaldu zizkion: «Finalak interes handia piztu du gure bezeroen artean eta espainiar eta frantziarrez gain, beste hamar herrialdetako apustulariak ditugu, besteak beste, Suediakoak».
Hala ere, zuzenean jokatzeko aukera ere ematen du enpresa honek eta Michaudek azaldu zuenez, «behin partida hasita izaten dira apusturik gehien».
Txapeldunen bazkaria
Urteroko ohiturari jarraituz, txapeldun ohien bazkaria egin zuten atzo Sondikako Maipu jatetxean. Han izan ziren Ariño I.a, Arriaran II.a, Atano X.a, Gallategi, Gorostiza, Retegi II.a, Galarza, Arretxe, Eugi, Martínez de Irujo eta Patxi Ruiz, eta han ere Barriola jo zuten gehienek txapela lortzeko faborito.
Hori bai, Joxe Arriaranek ondo azaldu zuen bezala, ez dute momioek agertzen duten alderik ikusten batetik bestera: «Nik ez dut ulertzen nola gutxietsi dezaketen horrela finalera heldu den pilotari bat. Nik ezin dut ulertu, baina gero hala gertatzen dira gertatzen direnak».