GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen errausketaren aurkako bi mila arrazoik bat egin zuten Donostian

Oihana LLORENTE |

Bi mila lagun inguruk ezezko ozena esan zioten atzo Zubietan eraiki nahi duten errauste plantari Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak Donostian antolatu zuen manifestazioan.

«Alternatibak martxan jarri, errausketarik ez!» leloa zuen pankartak zegoen manifestazio buruan; aitzitik, aurreraxeago ere baziren hainbat manifestari, zaldi, asto, pottoka edota traktore gainean. Jende artean ere, erraustegiaren aurkako arrazoiak azaltzen zituzten kolore anitzetako pankartak aurki zitezkeen, ELA, LAB edo Segik izenpetuak. Bildutako ehunka herritarren artean ere, baziren politika munduan ezagunak diren aurpegiak, hala nola LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diez, EBko Antton Karrera edota San Markoseko Mankomunitateko presidente Ricardo Ortega.

Bulebarretik abiatu zen manifestazioa eta erdigunea zeharkatu ostean, bueltan etorri zen martxa, kioskoan prest baitzuten agertokia. Txalaparta eta bertsolarien ostean, herritarrek hartu zuten hitza, nork bere jakintza eta esparrutik erraustegia deitoratzeko. Lehen hizlariak irakaskuntza zuen lanbide eta pedagogia ikuspegi batetik erraustegia kritikatu, eta atez ateko zabor bilketaren alde agertu zen. Zubietako baserritar bat izan zen hitza hartzen hurrengoa, eta errauste planta ezarriz gero, ura, airea eta lurra kutsatuko lituzkeela adierazi zuen. Horiek horrela, bere bizimodu eta ogibide izan den baserriaren amaiera ekarriko lukeela gogor salatu zuen.

Oholtzara igotzen hirugarrena, besoetan umea zeraman ama izan zen. Haren aburuz, gurasoen lana ez da umeak eduki eta heztean bakarrik oinarritzen, haren esanetan, lurraren bizitzeko egokitasuna ondorengo belaunaldientzat zaintzea ere bada gurasoen eginbeharra; eta hortaz, errauste plantaren aurka gogor jardun zen. Azken hitzak gaia osasunaren arlotik aztertzeko izan ziren, eta errausketak dakartzan hainbat gaixotasun zerrendatu zituzten.

Plataformako eledun Unai Agirre eta Maria Luisa Sanchezek hartu zuten azken hitza. Haien ustez, bi eredu nagusi bereiz daitezke zaborren kudeaketari dagokionez. Batetik, herri plataformak proposatzen duena, eta San Markos eta Debagoieneko mankomunitateek ere hobetsi dutena, hau da, Europako zuzentarauei jarraiki, zaborra gaika biltzeko ahalegina sustatzea. Horren aurrean dago beste eredua, koordinakundekoen iritziz, «mugarik gabeko kontsumismoa eta herritarren kontzientzia eza bultzatzen dituen errausketa». Eledunek herritarrei hitz egin, eta beraien inplikazioa beharrezkoa dela esanez, zaborra gaika bereizten hasteko gonbita egin zieten. Erakundeei, aldiz, errausketa proiektuak geldi ditzatela exijitu zieten.

Abestiak ere protestarako

Manifestariek pozik bukatu zuten martxa, Joxerra San Sebastianen abesti pedagogiko eta alaia entzunez. Haren lelo itsakorra buruan eta ahoan zutela joango zen manifestari andana etxerantz: «Zer egingo dugu zakarrarekin? murriztu, birziklatu, berrerabili!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo