GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Erdal Herria

Nik ez dut inkestarik behar, egunero ikusten dut herri euskaldun- euskaldunetan gero eta jende euskaldun- euskaldun gehiago erdara peto-petoan berbetan

Laugarren inkesta soziolinguistikoa burutu berri du Gasteizko Gobernuak eta datuak ez dira batere pozgarriak. Bai, badakit elkar zoriontzera ekiten diotela edozein neurketa edo analisi ateratzen dutenean. Ezagutza datuek beti egiten dute gora eta zati batean normala da, hainbeste hizkuntza eskakizun eta B eta D eredu ezarri ostean. Baina datu kuantitatibo gero eta hobeagoak emateko tematze horretan dago koska. Euskara berreskuratzea polito gelditzen da ahotan erabiltzeko, ikastoletako jaietan euskaltzale labela paparrean eroateko eta euskal kultura poltsikoetako diru solteaz eta irribarre zabalaz bultzatzeko.

Prentsaurrekoetatik haratago, Euskal Herria euskalduntzea ez da seriotan hartzen. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioetaz berbetan nabil, jakina. Nafarroa eta Iparraldeko egoera, zoritxarrez, eskasagoa da eta. Nafarroan amorruz zapaltzen dute euskal usain minimoa eduki lezakeen edozer, euren izaera demokratikoa argi eta garbi utzita; Frantzia oraindik gogoratzen da munduan euren hizkuntzak (estatuak legez) zelanbaiteko pisua zeukanean, eta orain, apenas ezer gordetzen duenaren antzinako prepotentziari eusten diote gogor, denok dakigunez, txikiagoa zapaltzeak beti ematen duelako handiagoak garelako sentsazioa.

Hezkuntza ereduak aipatu ditugu, eta inkesta baten aurrean euskararik badakigun erantzuteko orduan, beharbada baietza emateko balioko dute, baina eredu horiek ez dituzte umeak euskalduntzen. Hizkuntza eskakizunak gainditu dituzten guztien kopurua neurtzen badugu, euskaldun berri asko zenbatuko ditugu, baina joan Eusko Jaurlaritzaren Gran Vía 85ra ea leihatiletan dauden eta hizkuntz eskakizuna daukaten guzti horietatik zenbat diren kapaz euskaraz atenditzeko.

Erabilera behera doa. Beldurgarri. Jendeak euskara ikasten du, baina ingelesa ikasten den moduan, eskolako patioan horrela egin behar delako edota oposaketetara aurkezteko. Horixe da eskatzen zaien bakarra eta horixe da bultzatzen den bakarra. Administrazioek euren jokabide hutsaz ondo erakusten dute zein hizkuntzaren aldeko apustua egiten duten. Eta honek euskaldun zaharrei ere eragiten die, jakina.

Begiratu zelako telebista daukagun euskaraz: pilota, futbola, Goenkale eta lau ahots baino gehiago erabiltzen ez dituzten Hollywoodeko pelikulak. Begiratu zelako laguntza barregarriak jasotzen dituzten euskararekin zerikusia daukaten taldeek edota hainbat udaletxek euskarazko komunikabideei zelan egiten dieten muzin. Begiratu zelan bidaltzen dituzten batere erreparo barik mediko erdaldunak herri euskaldunetara. Begiratu zelan kolonizatzen diren herri euskaldunak turistekin edota pisu merkeagoen bila doazenekin, eta zelan alde egin behar izaten duen jendeak hiriburuetara lan egin ahal izateko. Begiratu jende «inportante» guztia komunikabideetatik oraindik orain «inportante» den guztia erdaraz botatzen.

Nik ez dut inkestarik behar, egunero ikusten dut herri euskaldun-euskaldunetan gero eta jende euskaldun-euskaldun gehiago erdara peto-petoan berbetan.

«Euskara desagertu behar da, ala?» galdetzen diot neure buruari askotan. Tristea da inork irakurri ezingo dituen liburuak idaztea...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo