GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Herri gisa pentsatu eta aritzeko bide ematen digu curriculumak»

p016_f01_148x128.jpg

Ruben Iglesias
UDALBILTZAKO EUSKAL CURRICULUMAREN ARDURADUNA

Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitze bidean curriculum propioa izatea oinarrizko osagaia dela argi du Iglesiasek. Gaur goizean lehen urrats hori betea ikusiko du Euskal Herriak, bost urteko lanaren ondoren Euskal Curriculuma aurkeztuko baita Donostiako Kursaal Jauregian.

Oihana LLORENTE |

Une historikoa izango da gaurkoa, Euskal Herriaren historiako lehen Euskal Curriculumak argia ikusiko baitu. Sortze prozesuan buru-belarri aritutako Ruben Iglesiasekin izan gara, gure kulturaren transmisiorako funtsezkoa den proiektua bertatik bertara ezagutzeko.

Bost urteko lanaren ostean, gaur, Donostian, aurkeztuko duzue Euskal Curriculuma. Zer-nolako garrantzia du proiektu honek Euskal Herriaren biziraupenerako?

Euskal Herrian hezkuntza gatazka bat ematen da, Estatu espainoleko eta frantseseko hezkuntza sistemak inposatzen zaizkigu, eta honek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eragiten du, sistema propioa egituratzeko aukera ukatuz. Horregatik, geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea, munduko gainerako nazioei bezalaxe, gure buruaren jabe izateko eskubidea dugulako, baita hezkuntzaren alorrean ere. Eta beharra, herritarren hezkuntza eskubideak bermatzeko, geure hezkuntza diseinua egitea beharrezkoa delako.

Izan ere, guk ez dugu beste hezkuntza sistemen kopia hutsa egin nahi. Guk hezkuntza eskubideetan oinarritutako hezkuntza sistema bat antolatu nahi dugu, eta ez Estatuaren botere soilean oinarrituta. Egun, Euskal Herrian hiru curriculum desberdin daude eta, beraz, orain arte ez dugu marko pedagogiko komunik izan euskal ikasle guztiak marko horren baitan hezteko. Horrela, Euskal Curriculuma Euskal Herriaren eraikuntza eta garapenean ezinbesteko tresna dugu. Herri gisa garatzeko, gure iragana, oraina eta etorkizuna, gure herriaren ikuspegitik ikastea eta irakastea ezinbestekoa baita.

Zein arrazoik bultzatu zituen 2003. urtean Udalbiltza, Sortzen Ikasbatuaz eta Ikastolen Konfederazioa era honetako egitasmo batean murgiltzera?

Gabezia historiko batek bultzatu gintuen hiru eragileok auzolanean horrelako proiektu bati ekitera. Aspalditik ohartuta geunden Euskal Herrian inposatzen diren curriculumek gabezia nabariak zituztela. Curriculum horiek igortzen zituzten erreferentziak, finkatzen zituzten eduki zein prozedurak gure herriaren behar eta nahietatik oso urrun zeudela eta, beraz, XXI. mendeko euskal herritarra eta gure kulturaren transmisioa bermatu nahi bagenuen ezinbestekoa zela geure curriculuma osatzea. Euskal Herrian egina eta Euskal Herri osorako baliagarria izango dena. Hiru eragileok diagnostiko honekin bat egin eta gabezia historiko hori kitatzea erabaki genuen, hots, Euskal Herrirako marko pedagogiko komuna osatzea.

Hitz gutxitan, nolakoa izan da prozesu eratzaile hau? Zer-nolako ekarpenak jaso dituzue?

Eredugarria. Orain diseinatzen eta garatzen ari den Euskal Curriculuma estaturik gabeko herri batek egingo du. Horregatik, berau diseinatzeko metodologia berezia izan da. Munduko herri bakanetakoak izango gara curriculuma definitzeko garaian herriari hitza eman dioguna. Historian zehar curriculumak estatuek, hots, hezkuntzaz arduratzen direnek definitu dituzte, euren interes politiko, ekonomikoen arabera. Euskal Curriculumaren ezaugarri nagusia aldiz, parte-hartzea da. Horrek ematen dio indarra eta zilegitasuna proiektuari, hezkuntza komunitateak, herri eragileek eta, oro har, herritarren atxikimenduak.

Prozesu honetan Lakuaren laguntza puntuala ere jaso duzue. Haatik, Lakuak beste curriculum baten aldeko apustua egin du. Zein desberdintasun dituzte bi currirculumek ?

EAEko eta Nafarroako Hezkuntza Sailetatik egindako dekretuen oinarrian LOE dago, eta Madriletik datorren agindu baten arabera, dekretu berriak egitera behartuta ikusi dute euren burua. Hortxe dugu lehen desberdintasuna, Euskal Curriculuma herri baten gogo eta ilusiotik sortutako egitasmoa da, beste bi dekretu horiek, aldiz, agindu baten ondorioz osatu dira. Bestalde, dekretuen xedeetako bat egungo marko politikoa egonkortzea da, lurralde zatiketan sakonduz eta jendarte eredua zalantzan jarri gabe. Alta, Euskal Curriculumak lurralde zatiketa gainditu eta herri gisa pentsatu eta aritzeko bide ematen digu. Bestelako jendarte eredu baten aldeko apustua egin eta ikasleari subjektu papera aitortzen dio. Agian, pedagogikoki, osagarriak izan daitezke, baina politikoki talka egiten dute. Dekretuek ez dute bide ematen Euskal Herria egiteko eta Euskal Curriculumak bai.

Behin curriculuma eratuta, aplikazio faseari ekingo zaio. Nola aurreikusten duzue Euskal Herri osoko eskoletan curriculum hau aplikatzea?

Bihar epealdi bat amaitu eta beste bati hasiera emango zaio nolabait. Orain arteko helburua Euskal Herriaren historiako lehenengo Euskal Curriculuma sortzea zen eta sortu dugu. Bestalde, behin sortuta, berau herrian txertatzeko, eskolaratzeko eta garatzeko nazio estrategia antolatu behar dugu. Euskal Curriculuma aplikatzeko bidean beharrezkoa izango da nazio izaera eta partaidetza oinarri hartzea. Ezin dugu zenbait euskal lurralderen bazterketan oinarritzen den prozesurik onartu. Erabakitasunez jokatu eta herriz herri zein ikastetxez ikastetxe Euskal Curriculumaren aplikazioa ahalbidetuko duen prozesu bat bultzatu behar dugu. Herri gisa pentsatuz eta arituz, aplikaziorako prozesu oso bat bultzatu eta praktikara eraman behar dugu, bakoitzaren interes partikularretik haratago.

Curriculumaren eskolaratzeari dagokionez, ikastetxe eta irakasle bakoitzak hezkuntza planteamendu propioak garatzeko apustua egin dezake. Guk egiten dugun proposamena horixe da, ikastetxe bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta, beraz, curriculum nazionala bere errealitatera egokitzea da. Planteamendu hau Euskal Herri osoan garatu daiteke, nahiz eta tokian tokiko zailtasunak egon. Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta curriculum proiektua dira horretarako tresna egokienak, horiek direlako ikastetxearen hezkuntza jardueraren erreferentzia. Hala eta guztiz ere, borondatea izatearekin ez da nahikoa. Horrekin batera, curriculuma aplikatzeko bitartekoak sortu behar dira: aldizka ebaluatu eta berritu, irakasleen formazio, baliabide pedagogikoak... Dimentsio handiko lana da eta arlo horretan diharduten eragileen elkarlana eskatzen duena.

aplikazioA

«Euskal Curriculuma aplikatzeko bi dira proposatzen ditugun ildoak: batetik, ikastetxeko hezkuntza eta curriculum proiektuan txertatzea eta, bestetik, bitartekoak sortu eta garatzea»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo