GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Diskriminazioen aurkako heziketa» eskatuko dute harrotasun martxan

Gay eta lesbianen harrotasun martxak Biarrizko kaleak zeharkatuko ditu gaur. Eta, Estatu frantseseko egoera politikoa kontuan hartuta, «diskriminazio guztien aurkako heziketa» aldarrikatuko dute aurten. Ekitaldia, musika lagun, arratsaldeko lauretan abiatuko da farotik.

p022_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Gay eta lesbianen harrotasunaren martxa egingo da gaur arratsaldean Biarrizko karriketan. VIII. edizio honetan, «Diskriminazio guztien aurkako heziketa» leloa izango du LPG elkarteak antolatutako martxak. Izan ere, Beñat Gachen elkarteko kideak azaldu bezala, «aurten bat-etortzearen gaia aipatzea erabaki dugu».

Egungo Estatu frantseseko gobernuak homosexualen arazo nagusietan aurrerapausoak ematea ez dute espero antolatzaileek eta, horrenbestez, «heziketa» goraipatzea erabaki dute. Izan ere, aurten, lehen aldiz, frantses Hezkuntza ministerioak kaleratutako ikasturte hasierako txostenean homofobia hitza aipatu dute diskriminazioen aurkako borrokaren atalean. Hori dela eta, heziketaren arloan lan egitea erabaki dute gay eta lesbianen elkarteek.

Sinbolikoa izanik ere, homofobia diskriminazio bezala salatua izatea urrats garrantzitsua dela nabarmendu zuen Beñat Gachenek. «Askotan ekintza homofobikoak 20 urte baino gutxiago dituzten gazteek egiten dituzte. Horrek argi adierazten du lan handia dagoela egiteko», nabarmendu zuen LPG elkarteko kideak.

Heziketa gizartearen arlo guztietara zabaldu nahian, gizarte eragileekin lanean aritu dira gay eta lesbianen elkarteak. «Bai hezkuntza bai sindikatu munduko ordezkariekin bilerak abiatu ditugu diskriminazioaren gaia jorratzeko. Hezkuntza ez da eskolako auzia bakarrik, karrikako lana ere bultzatu behar da. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu gizarteko eragile ezberdinekin elkartzea», azpimarratu zuen Beñat Gachenek.

Lan hori Estatu frantses mailan bideratzen bada ere, lekuko sindikatuekin ere bilkurak egin dituzte. Eta, abiaturiko harreman horiek aurtengo harrotasunaren martxan ere islatuko dira. Izan ere, CGT, CFDT, LAB eta UNSA-Educ sindikatuek bat eginen dute ekimenarekin.

«Maleta pedagogiko bat kaleratu nahiko genuke diskriminazio homofobikoen inguruan. Egin ditugun bilkuretan homosexualei begira beldur asko dagoela argi ikusi dugu», gaineratu zuen Gachenek. Zortzi urte beteko ditu aurten Biarrizko martxak. Urtez urte gero eta herritar gehiago erakartzen baditu ere, homosexualitatearen ezagupen mailan oraindik ere lan asko egiteko dagoela esan zuten antolatzaileek.

Hasiera, lauretan faroan

«Oraindik ere zaila egiten zaie gazteei etxean homosexualak direla esatea. Jendeak uste du arazo guztiak konponduta daudela, baina ez da horrela. Gizartean baztertuak izaten jarraitzen dugu», adierazi zuen LGPko kideak. Egoeraren larritasuna nabarmentzeko, homosexual gazteen artean dagoen «ahuldura» gogoratu zuen. «Bere buruaz beste egiten duten edo depresioak jota dauden gazteen gehiengo handia homosexuala da. Horrek argi erakusten du gizarte arazo bat dagoela», erran zuen Gachenek.

Biarrizko martxa arratsaldeko lauretan abiatuko da farotik. Musika eta batukadak lagundurik herriko Kasinora arte joango dira, eta, bertan, herritarrak erakartzeko ikusgarri txikia eskainiko dute. Sainte Eugénie elizarantz abiatu, eta Clemenceau plazan ohiko hitz hartzea eginen dute. Ibilaldia faroan bukatuko da, bertan elkarteen herrixka kokatua izango baita eguerditik. Jaiak gaua iritsi arte iraunen du.

Sinbolikoa

Frantses Hezkuntza ministerioaren ikasturte hasierako txostenean, homofobia hitza aipatu dute aurten lehen aldiz diskriminazioen aurkakako borrokaren atalean. Sinbolikoa izanik ere, elkarteek garrantzitsutzat jo dute

Bilkurak

Gay eta lesbianen harrotasun martxaren antolatzaileek tokiko gizarte eragileekin bilkurak egin dituzte homofobiari buruzko heziketa lana bideratzeko. Sindikatuak gaurko martxan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo