GARA > Idatzia > Kultura

Literatura diskurtsoa eraikitzeko lexiko berezia biltzen duen hiztegia kaleratu dute

GARA | BILBO

Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak eginiko «Literatura terminoen hiztegia» aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak Bilbon. Bertan azaldutakoaren arabera, hiztegi hau «euskal literatura ikasten dutenei eginiko proposamena eta eskaintza» da.

Izan ere, «literaturari buruzko diskurtsoa eraikitzeko lexiko berezitua finkatzeak garrantzia handia du» Euskaltzaindiaren aburuz eta, beraz, lan hau oso garrantzitsua da «euskal ikasketen alorrean aurrerapausoak emateko».

Hiztegiak 1991 eta 2007 urte bitarteko lana biltzen du 800 orrialdetan. Egileak 20 dira eta 610 hiztegi sarrera eta 25 igorpen jasotzen ditu.

Lanaren helburuei dagokionez, lehenik «literaturaren teoria, historia eta kritikaren berri emateko euskaraz garatu den lexikoa agertzea, finkatzea eta azalpen testuetan erabiltzea» dela aipatu zuten.

Azalpen eta adibide ugari

Bigarrenik, «beste edozein literatura terminoen hiztegiren edukia euskaraz emateaz gain, euskal literaturari atxikiriko azalpenak, adibideak eta ereduak» eskaintzen ditu hiztegiak, bai eta «literaturari buruzko ikaskuntzen garapenaren berri eguneratua» ere, bai nazioarte mailan, bai eta euskal esparruan ere.

«Xede informatibo eta didaktiko horiek lehenetsita, Literatura Ikerketa Batzordeak ez du nahitaez ekarpen teoriko, historiko edo kritiko berriak egiteko helbururik hartu, horrelakoak beste argitalpen mota bati dagozkiolako. Hala ere, artez edo moldez, bada ekarpen berri aipagarririk eta ikerketa lanik ere zenbait hiztegi sarreren egileek eginiko azalpenetan», gaineratu zuten azkenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo