GARA > Idatzia > Kultura

Kontxu Odriozola omenduko dute Euskal Aktoreen XV. Jaialdian

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Astelehen honetan iluntzeko zortzietatik aurrera Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak Euskal Aktoreen XV. Jaialdia hartuko du. Gala dotorea izango da antolatzaileen esanetan, eta bertan «Besarkada Saria» ere banatuko dute. Hain justu, oraingo honetan Kontxu Odriozolak jasoko duena.

Jaialdiaren aurkezpena atzo egin zuten eta bertan, aurkezle lanak egingo dituzten Mila Espiga eta Dorleta Urretabizkaiarekin batera, jaialdiaren zuzendari Ana Pérez, Euskal Aktoreen Batasuneko juntakide den Loinaz Jauregi eta Kontxu Odriozola bera ere izan ziren. Aktore beteranoak berria jakitean bere harridura azaldu zuen. «Ez nekien zer pentsatu. Sari asko jaso ditut Euskal Herrian, jada guztiak jaso ditudala uste dut. Baina hau benetan berezia da, nire lankideek emandakoa da -eta guztiok dakigu zer-nolako ospea dugun gremio honetan-», esan zuen umoretsu Odriozolak. Sari banaketa, gainera, «urteko gaurik politenean» izango dela nabarmendu zuen aktoreak; «sorginen gauean», esan zuen irribarrez. Aktoreak bere lanbidea ere goraipatu zuen: «Munduko lanbiderik ederrena dut!».

Horiek horrela, asteleheneko ekitaldian Euskal Aktoreen Batasuneko XX. urteurrena ere ospatuko dute. Aktoreen sindikatua Victoria Eugenian orain hogei urteko martxoaren 6an sortu zen, bertan 28 kide bildu ziren -horien artean Teresa Calo, Ramon Agirre, Patxi Barko, Patxi Santamaria, Eneko Olasagasti, Mila Espiga eta Ana Gorostiza- eta hainbat helburu finkatu zituzten, besteak beste, «aktore lanbidea babestea eta gizartean zein kulturan sustatzea; euskara maila guztietan garatzea, bai lanbidean, bai lanbidetik kanpo; hitzarmen kolektiboak negoziatzea eta aktoreen irudi publikoa babestea», esan zuen Loinaz Jauregik. 28 aktore hauek gainera, sari berezia jasoko dute, «`Besarkada Txiki Saria' tankerakoa», gaineratu zuen.

Egun 453 aktorek dute izena emanda sindikatuan eta Antzerkiaren Hitzarmenarekin nahikoa arazo badituzte ere, beste zenbait arlotan aurrerapauso ugari eman dituzte.

«Urtean profesionalei bideratutako lau ikastaro berezitu eskaintzen ditugu, Ikus-entzuteko Plataformarekin akordioak ditugu eta aktoreak sustatzeko bi urtez behin bideo-book antzeko bat egiten dugu, besteak beste», argitu zuen Jauregik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo