GARA > Idatzia > Ikusmira

Arazo ugari, eta handiak, dituzte arrantzaleek

Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak, arrantza kuoten gainean Europar Batzordea aholkatzen duenak, antxoa arrantzatzeko debekualdia luzatzeko gomendatu zuen eta, gomendioa erabakigarria ez bada ere, baliteke Europar Batzordeak gomendioari kasu egitea. Antxoaren egoera itsasoan egindako gehiegikerien ondorioa da, eta ondorio horren larritasuna ondo ezagutzen dute euskal arrantzaleek. Izan ere, arrain eskasiak ez ezik, gasolioaren igoera etengabe eta neurriz kanpokoak ere gogor jo ditu. Horiek ez dira, ordea, arazo bakarrak, eta beste batek, atunaren lonjetako prezio kaskarrak hain zuzen, eragin zuen atzo 50 ontzi inguru Kontxako badian elkarretaratzea. Hegaluzetan dabiltzan arrantzaleek salatu zutenez, ordaintzen dieten prezioak nabarmen behera egin zuen atzo, azken egunetakoaren erdia baino txikiagoa izateraino. Merkatuko prezioak justifikatzeko kostuen garestitzea aipatu ohi dute «adituek», baina besteak beste arrantzaleen kasuak argi erakusten du merkatura heldu bitartean produktuek izaten duten garestitzearen etekina ez duela ekoizleak eramaten. Arrantzaleek jasan behar duten krisiari aurre egiteko Bruselak eskaintzen duen konponbide bakarra sektorea berregituratzea da. Baina herri ikuspegia duen edonork oinarrizko sektore bat abandonatuta zergatik dagoen galdetuko dio bere buruari, instituzioak haren heriotzaren zain daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo