Okupazioak finantzatzea adostu dute AEBetako demokrata eta errepublikarrek
Irakeko eta Afganistango okupazioak finantzatzeko bat egin dute Alderdi Demokratak eta Errepublikarrak. Beraien botoekin Etxe Zuriak egindako diru eskaera aurrera atera da, baldintzarik jarri gabe. Demokratek ez zuten exijitu soldaduen irteerari epe zehatz bat ezartzea.
GARA |
Etxe Zuriak eskatu bezala, AEBetako Ordezkaritza Ganberak Irakeko eta Afganistango okupazioarekin jarraitzeko 162.000 milioi dolarretako diru-laguntza onartu zuen. Kopuru horretatik, zatirik handiena Iraken operazio militarrak egiteko izango da. Demokratek errepublikarrekin bat egin zuten. Orain arte, diru-laguntza hori onartzeko baldintza soldaduak Iraketik ateratzeko epe bat finkatzea zen. Alabaina, ostegunean eginiko bozketan, ez zuten halakorik exijitu. Onartu zuten lege proiektua, dena den, zertxobait murriztu zuen Senatuak; 165.400 milioi dolarretik 161.800 milioira.
«Bai gure militarrentzat, baita haien senideentzat ere garaipen garrantzitsua», nabarmendu zuen John Boehner errepublikarrak. «Eginbeharra arrakastaz bete dezaten eta garaipenaren, eta ez etsipenaren, ondotik etxera itzul daitezen beharrezkoak diren diru iturriak bermatzen dizkie lege proiektu honek», azaldu zuen.
Presidente izateko hautagai John McCainek hartutako konpromisoa txalotu zuen. «Hilabeteetan, demokraten esku dagoen Kongresuak taldearen interes politikoei lehentasuna eman die, gerrak behar zuen finantzazioaren gainetik. Zorigaiztoko hilabeteak izan dira horiek», adierazi zuen.
Etxe Zuriaren eskaerak aldeko 268 boto jaso zituen eta 155 kontra; horien artean, 80 demokratenak. «Dolar bat murriztapenik eta baldintzarik gabe gastatzen dugun azken aldia izatea espero dut», plazaratu zuen Ordezkaritza Ganberako presidenteak, Nancy Pelosik eta finantzatzearen kontra bozkatu zuela esan zuen.
Soldaduen itzulerari eperik jarri ez, baina errepublikarrek eta Bushek berak ukatzen zituzten zenbait neurri onartu zituzten, hala nola, soldadu ohiei unibertsitaterako sarbidea erraztea.
Era berean, Irakeko Gobernuak AEBek bezainbeste diru inbertitu behar duela adierazi zuten. Horrez gain, Iraken behin betiko baseak jartzeko onarturiko diru-laguntzaz baliatzea debekatu zioten Washingtoni.
Bakezaleen protesta
Bakearen aldeko CodePink deritzan taldeak hartutako erabakia gogor gaitzetsi zuen. «Kongresuko demokratak eta errepublikarrak Etxe Zuriarekin azpijokoan ari dira Irakeko gerra luzatzeko», helarazi zuen Medea Benjaminek, taldearen sortzaileetariko batek.
Dirurik jaso ezean, laster langileak kaleratuko dituela mehatxu egin zuen Pentagonoak. Soldaduei ezin izango diela ordaindu ere adierazi zuen.