LAB: «Bestelako zerbitzu publikoak behar ditugu bestelako Euskal Herri baterako»
Arantxa MANTEROLA |
Estatuen egungo «politika liberalaren ondorioak» beste esparru askotara hedatzen badira ere, atzokoan zerbitzu publikoek jasaten duten murrizketa izan zuen hizpide LABek, Biltzar Nazionalaren ostean Kanbon egindako manifestazioan.
Arantxa Sarasolak, «lurralde-zatiketak koherentzia soziala ere mugatzen» duela salatuta, bi Estatuetako administrazio guztietan «zerbitzu publikoen hustuketa errealitate komuna» dela adierazi zuen. «Ipar zein Hego Euskal Herriko sistema sozialaren merkantilizazioa ematen ari da botereak bultzatuta», salatu zuen LABen zerbitzu publikoez arduratzen den Sarasolak. Ipar Euskal Herriko Idazkaritzako kide Geronimo Prietok, epaitegien birmoldaketaren inguruan LAB egiten ari den lana aipatu zuen. Donapaleuko Epaitegia itxi beharrean, zabalik mantentzea eta Nafarroa Behereko zein Zuberoko Prud'Hommes Kontseiluak bertan jasotzea proposatu du sindikatuak. Horrela eginez gero, «barnealdeko herritarrei gertuko zerbitzua» eman ahalko zaiela uste du. Hain zuzen ere, hori da sindikatuaren alternatiba: «Bestelako zerbitzu publikoak eraikitzea bestelako Euskal Herri baterako».