GARA > Idatzia > Paperezko lupa

Maite SOROA

Krisien krisia

Krisia. Krisia da aspaldiko partez gehien entzuten dudan berba, hori diotenak zertaz ari diren ondo jakitera iristen ez naizela. Europaren eraikuntza krisian dago Irlandako ezetza dela kausa. Eraikuntza krisian dago Europan, etxebizitzen salmenta moteldu delako. Hainbat urbanizazio krisian daude urbanismoaren kontra eraiki direlako.

Harrobi jabeak krisian daude hainbesteko harria zertarako atera ez dakitelako. Reala krisian dago harrobian kontabilitate bikoitza izan ei delako. Garraio sektorea krisian dago erregaien upelaren prezio igoerak atsedenik hartzen ez duelako. Arrantza krisian dago garraioak duen arazo bera izateaz gain itsasora irten eta nahi besteko arrainik ez dagoelako. Baserria krisian dago baserritarrak erosi behar dituenen prezioa gora eta gero saldu nahi dituenena behera doalako. Lakuako hirukoan krisia dago diotenez hirukoa ez dutelako hirurek egiten. Gobela ibai ubideratuaren inguruko garajeak krisian daude zerua goibeldu orduko. Txirrindularitza krisian dago aldapa gehiago direlako bulegoetan errepidean baino. Klima krisian dago berak eskatu ez duen aldaketa dakarkiotelako. Frantses hizkuntza krisian dago hexagonoko bazterreko hizkuntza baztertuek hexagonotik kanporatuko duten beldur delako. Gose diren lur-desjabetuak krisian daude gosearen jabetza bera lurrarenarekin batera kendu dietelako. Entzierroak krisian daude aurton egun batzuetan zezenen ordez aterako diren zaldi askoko formula bateko horiek korrikalarien egunkarien aurrean zer jarrera hartuko duten inork ez dakielako. Dolarra krisian dago itsasoz bestaldeko krisipeko Europako euroa harrotuta dabilelako. Amerikako Estatu Batuak krisian daude euren dolarra krisian dutelako. Zaborra krisian dago kosta ahala kosta erretzera behartu nahi dutelako. Beijingeko Joko Olinpikoak krisian daude su-ziria egunotan Tibetetik pasatu behar eta tibetarrek horretan duten jokoa hiri hartatik olinpikoki pasatzea delako. Abiadura Handiko Trena krisian dago prestazio handiko trena ere izan badela esan diotenetik handiegia dela bururatu zaiolako. Sanjoan krisian dago erregaien prezioarekin sua bihar zeinek piztuko ez duelako. Lehendakaria krisian dago krisiez betetako mundu injustu honetan berrogeita bost segundo libratzea batere erraza ez delako.

Total, krisi guztiak krisian daude. Handia behar izan gero krisi zer hori hainbeste krisi bertara biltzeko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo