GARA > Idatzia > Mundua

Giza eskubideen babesean huts biribila du Kolonbiako Gobernuak adituen arabera

Giza eskubideen alde lanean ari direnen segurtasuna gutxitu da Kolonbian, baita paramilitarren eta legebiltzarkideen arteko loturak ikertzen ari diren epaileena ere. Urraketen %95ek gainera ez du zigorrik jasotzen. Hori ondorioztatu du Nazio Batuetako behatokiak.

GARA |

Kolonbiak ez du giza eskubideen babesa bermatzen. Giza Eskubideen Defendatzaileen Babeserako Behatokiak aditzera eman duenez, «gertatzen diren urraketen %95ek ez dute zigorrik jasotzen» eta salaketek oso gutxitan egiten dute aurrera. Prozesuak aurrera egiten badu ere, sekula ez da delituen bultzatzaileen kontra egiten. Kolonbian Behatokiaren ordezkari Alberto León Gómezek ohartarazi zuenez, giza eskubideen urraketek gora egin dute. Urtarriletik 26 sindikalista hil dituzte. Iaz, berriz, gremioetako 39 kide hil zituzten paramilitarrek.

Bere hitzetan, legeek itxuraz eskubideak bermatzen dituzte, baina Gobernuak ez ditu legeak betetzen. Álvaro Uriberen gobernuarekin giza eskubideen defendatzaileen, sindikalisten eta indigenen egoerak okerrera egin duela salatu zuen. Atzera egite horrek justiziari ere kalte egiten diola jakinarazi zuen.

«Epaileen duintasunari eta osotasunari hainbatetan eraso egin diote. Legebiltzarkideen eta paramilitarren arteko loturak ikertzen ari diren epaileen kontrako presioa oso handia da», gaineratu zuen Gómezek.

Torturaren Kontrako Mundu Erakundearen idazkari nagusi Eric Sottasek, Kolonbia giza eskubideak gehien urratzen diren herrialdeetako bat dela azaldu zuen. Zerrenda horretan, besteak beste, Somalia, Sudan, Txad, Txina, Zimbawe, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Errusia kokatu zituen.

Txostenaren aurkezpenean, Nazio Batuetako errelatore berezia den Margaret Sekaggyak esku hartu zuen. Gómezen ondorioekin bat etorri zen. «Oro har, giza eskubideen aldeko eragileak inoiz baino tratu txar gehiago jasaten ari dira. Helburua, haien lan garrantzitsua oztopatzea da», adierazi zuen. «Segurtasuna hiritarren askatasunen aurretik ipini dute», esan zuen.

«alarma oihua»

2007an giza eskubideen defentsan ari direnek «inoiz baino tratu txar gehiago» pairatu dituzte eta protestak «kriminalizatzeko» saiakerak ere ugaritu egin dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo