Bat formula Frantziako Sari Nagusia
Ferrarik bere legea ezarri du entrenamendu ofizialetan
Raikkonenek bere bizitzako hamaseigarren «pole position»a lortu zuen. Aldiz, Hamilton hamahirugarren lekutik aterako da hirugarren denbora onena egin arren
GARA | MAGNY-COURS
Bat Formulako Munduko Txapelketako zortzigarren proba, Frantziako Sari Nagusia hain zuzen ere, Ferrarik irabaziko du akats handiegirik egin ezean. Atzoko entrenamendu ofizialei so eginez gero, hala beharko luke bederen. Izan ere, «gorriek» aurreneko bi postuak eskuratu zituzten. Lehena, Kimi Raikkonen izan zen eta, bide batez, bere bizitzako hamaseigarren pole positiona eta Ferrari taldearen berrehungarrena lortu zituen. Bigarrena, berriz, bere taldekide Felipe Massa izan zen.
Magny-Courseko lasterketako irteera puntuko bigarren lerroa Renault taldeko Fernando Alonsok eta Jarno Trullik (Toyota) beteko dute. Entrenamenduetan McLaren Mercedeseko Lewis Hamiltonek egin zuen hirugarren denbora onena, baina Kanadako Sari Nagusian boxetatik irteterakoan Raikkonen atzetik jotzeagatik jasotako zigorraren ondorioz, hamahirugarren postutik, zazpigarren lerrotik alegia, atera beharko du. Hori dela eta, ez du batere erraza izango punturik lortzea. Fernando Alonsok, bere aldetik, azken lasterketetan erakutsitako erregulartasuna mantendu zuen atzoko entrenamenduetan ere.
Monakoko eta Kanadako azkenengo bi lasterketetan punturik gabe geratu ostean, bere legea ezarri zuten atzo bai Ferrarik bai Kimi Raikkonenek. Aurreneko bi entrenamendu saioetan Massaren atzetik amaitu ostean, une erabakigarrian, Q3 delakoan, denbora onena erdietsi zuen finlandiarrak. Munduko egungo txapelduna erraztasun osoz nagusitu zen eta, horren erakusle, azken itzuli bat emateari uko egin zio pole positiona ken ziezaiokeen bakarrak, Massak, bere itzuli azkarrean huts egin zuela eta denbora onena lortzeko aukera gabe geratu zela ikustean.
Kubica liderra, baldar
Txanponaren beste aldea BMW Sauber taldekoen entrenamendu eskasa izan zen. Hala, uneotan txapelketako liderra den Robert Kubica oso baldar aritu zen, asteburu osoan bere autoa ganoraz egokitu ezinik baitabiltza BMW Sauberren. Horrenbestez, seigarren postuarekin konformatu behar izan zuen eta irteera puntuko hirugarren lerroan izango da, McLareneko Heiki Kovalainenen atzetik. Horiek horrela, lana beltz egin beharko du Epsilon Euskadi taldeko pilotu ohiak Munduko Txapelketan duen abantaila mantentzeko.
Kubicaren taldekide Nick Heidfeld are eta eskasago aritu zen oraindik ere eta ez zuen Q3 saiorako sailkatzerik lortu. Azkenean, hamaikagarren postuarekin konformatu behar izan zuen gidari alemaniarrak.
Frantziako Sari Nagusia, denboraldiko zortzigarren lasterketa, eguerdiko 14.00etan hasiko da. Parte-hartzaileek 70 itzuli eman beharko dizkiote Mgnay-Courseko zirkuituari.