GARA > Idatzia > Kultura

Aitor Ruiz de Egino eta beste hamar artisten obrak ikusgai jarri dituzte Izurako Uda Erakusketan

Izurako Uda Erakusketak ateak zabaldu zituen atzo, abuztuaren 24a arte. Ondorioz, Haize Berrin eta herriko plaza eta pentzetan hamaika artisten obrak daude ikusgai. Aitor Ruiz de Egino da aurtengo gonbidatu nagusia

p057_f03_75829.jpg

Ainize BUTRON | IZURA

Arte garaikidea baserri zonaldeetara hedatzea, hori da urtez urte Haize Berri kultur etxeak Izuran antolatzen duen Uda Erakusketaren xede nagusia.

Horrenbestez, ekaina bukaeratik abuzturen amaiera arte artista ospetsu eta gazteen obrak agertzen joaten dira Izuran. Aurtengo erakusketa, atzo zabaldu zuten. Ostiral gaueko ohiko bisita gidatuaren ostean, atzotik obrak ikusgai daude herriko hainbat bazterretan. Izan ere, Izurako erakusketak, arte garaikidea baserri zonalde batean zabaltzearekin batera, bigarren berezitasun bat du: arte obrak herriko bazter guztietan barreiatuta daude.

Antolatutako bisitak ibiltariak dira eta ikusleak, herriko plazatik abiatuta, artisten lanak era bukolikoan preziatzeko aukera izango du inguruko pentze eta karrika hertsietatik zehar.

Ohi den bezala, Haize Berri kultur elkarteak gai nagusi bat inposatu die artistei; aurten, hibridazioa izan da aukeratutako gaia. Margo lanetatik hasi eta instalazio eta eskulturatik pasatuz, egungo arte garaikidean baliatzen diren teknika anitzak agertzen dira erakusketan.

Eta, aukeratutako gaia hibridazioa izanda, aurtengo gonbidatu nagusia Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarra da. Izan ere, Marixan Merkapide kultur etxeko arduradunak aitortu bezala, «gaia Aitoren obrek inspiratu digute».

Haize Berri kultur etxearen gelan Hernaniko artistaren hogei bat eskultura dira ikusgai. Eta, herriko etxeak prestaturiko bigarren gela batean, berriz, aluminiozko marrazkiak daude. Azkenik, zizelkatutako lanak kanpoan ikusi ahalko dira, beste artisten lanekin elkarrizketan bi eskultura ipini baitituzte.

«Materia askotariko obrak egiten ditu, hau da, zeramika, aluminioa eta beste. Bere eskulturak ikusterakoan irakurketa asko egin daitezke, oso estetika ezberdinak baititu», nabarmendu zuen Merkabidek.

Beste hamar artista gehiago

Hibridazioa gaiaren beste ikuspegiak ere barnatu nahi izan dituzte erakusketan. Aitor Ruiz de Eginoren eskulturen estetikak berak gaian barneratzeko aukera ematen duenez, hibridazioaren beste irudikapen bat eskaini nahi izan dute antolatzaileek.

Eta, horretarako, Nane izeneko Bordeleko bigarren artista gomitatu dute. «Nane jatorriz Landibarre eta Izurakoa da. Baina, bere bizi osoa Bordelen eman du. Oso obra klasiko eta figuratiboak egiten ditu, baina, bere baitan bizi duen kultura bikoitz hori agerian jarri nahi izan dugu», argitu zuen Naneren obran kultura hibridoaren presentzia goraipatuz.

Horiekin batera, Aitziber Akerreta eta Maia Currutchetek «Nahas-mahas» izeneko obra kolektiboa aurkeztu dute. Jacques Bosquetek, berriz, bost eskultura jarri ditu ikusgai eta Celine Mirailhek «Emakume hibridoa» deituriko obra.

Pentze eta karriketan zehar, Guanes Etxegarairen «Familia» obra, Pette Etxebarriaren lana, eta Christian Saint Marc, Zoe Bray eta Andoni Guiressen obrak ikusten ahalko dira abuztuaren 24a arte. Haize Berri kultur etxeko erakusketa, egunero, arratsaldez zabalduko dute. Kanpoan diren eskulturak, berriz, egun osoan zehar ikusi ahal izango dira. Bestalde, Aitor Ruiz de Egino eskultorearekin elkartzeko aukera ere izango da Izuran datorren abuztuaren 5ean. Izan ere, hitzaldi bat antolatu dute artistaren lana aztertzeko.

Fitxa

Lekua: Izurako Haize Berri kultur etxean eta herrian zehar barreiatutako hainbat bazterretan. Egunak: Ekainaren 21etik abuztuaren 24a arte.

Antolatzailea: Haize Berri kultur etxea.

Sarrera: Dohainik. Erakusketa arratsaldero izango da zabalik, hiruretatik aurrera

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo