GARA > Idatzia > Kultura

Ereintza Dantza taldea, 50 urte euskal dantza eta kultura sustatzen

Errenteriako Ereintza Dantza Taldeak 50 urte bete ditu aurten. Frankismoko garai latzetan eman zituen euskal dantza eta kultura zabaltzeko helburu duen talde honek bere lehen urratsak, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Urteurrena behar bezala ospatzeko, gainera, atzo saio berezia izan zuten Errenteria Dantzan jaialdiaren barruan.

Rebeka CALVO

18 eta 65 urte bitarteko 110 dantzari, 10 musikari, Errenteriako Erraldoien Konpartsa eta Musika Banda, bideo emanaldia... eta hori guztia ordu eta laurden irauten duen ikuskizunean. Horixe da Errenteriako Ereintza Dantza Taldeak bere 50. urteurrena ospatzeko atzo eskaini zuen ikuskizuna. Izenburu ponpoxorik ez diote jarri nahi izan, «Ereintza Dantza Taldearen saio berezia, 50 urte» besterik ez, baina, zertarako gehiago? Garrantzitsuena egindako ibilbide luze eta oparoa behar bezala ospatzea zen.

Ikuskizuna Errenteriako Udal Kiroldegian egin zuten eta bertan, arestian aipatu bezala, garrantzitsuena 50 urte hauen errepasoa egitea zen. Hori dela eta, urte hasieran Ereintza Dantza Taldeko kide izan direnei ikuskizunean parte hartzeko deialdia luzatu zieten. «Hasieran ez zen horrenbeste jende etorri, baina denborak aurrera egin ahala, gero eta dantzari gehiago elkartzen joan dira», azaldu du taldeko kidea den Alain Maia dantzari gazteak. Azkenean, 110 dantzari bildu ziren ikuskizuna egiteko.

Dantza aldetik ez zen «aparteko ezer» egin; Gipuzkoako ezpata dantza, fandango eta arin-arinak, Bizkaia, Behe Nafarroa eta Zuberoako dantzak... Hori bai, guztia atontzeko Ereintza Dantza Taldearen 50 urteen errepasoa egiten zuen bideoa jarri zuten, herriko Erraldoien Konpartsa gerturatu zen kiroldegira, baita Udal Musika Banda ere... Guztia, dantza taldeak egin ohi duen moduan, garai bateko dantza jantzi tradizionalen laguntzarekin.

Unerik hunkigarriena dantza taldearen ibilbidean zeresan handia izan dutenei egindako omenaldia izan zen. Alain Maiaren anaia, Jon Maia, eta aita, Joantxo Maia, urteetan Ereintzan irakasle izan zen Marian Bravo, Mikel Koka taldeko arduraduna, Xexilio Gastesi eta Maria Jesus Urruzola sortzaileak eta Anjel Mari Elkano izan ziren omenduak. Elkano eta Urruzolak ez zuten jaso Xabier Oberok egindako litografia; izan ere, lehena preso dago Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izateagatik eta Urruzola, bere aldetik, lekaimea da eta Angolan bizi da. Atzo, hala ere, bien ahotsa entzun zen Errenterian, Ereintzakoek grabazio bana erreproduzitu baitzuten beren hitzekin.

Ikuskizuna dantza taldeak orain dela lau urtetik antolatzen duen Errenteria Dantzan jaialdiaren egitarauko lehen hitzordua izan zen atzoko ekitaldia. Atzo hasitako jaialdiak datorren igandera arte iraungo du eta gaur bertan orain urte batzuk sekulako arrakasta lortu zuen Errusiako dantzen ikuskizuna izango da, 19.30etan, Errenteria Hiria Kulturgunean. Izan ere, Ereintza Dantza taldeak euskal dantza eta kultura sutatze aldera ez ditu dantza ikastaroak bakarrik egiten, bestelako ekimenak ere antolatzen ditu. «Erromeria Eguna, Errenteria Dantzan bera, Dantzari Txiki Eguna...», azaldu du Maiak.

Errenteria Dantzanek datorren asteburuan jarraituko du. Larunbatean, ekainak 28, Gipuzkoako Brokel Dantza Saila izango da 19.00etan Zumardian; hau da, Ereintza, Kemen, Murixka eta Sahatsa dantza taldeen eta Udal Txistu Taldearen ikuskizuna. Igandean, berriz, klake ikuskizuna izango da Bartzelonako Rhytm Tap Konapiniaren eskutik, 20.00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean.

Era berean, bihar, azken 50 urteotako San Joan bezpera guztietan bezalaxe, Ereintza Dantza Taldeak aurreskua dantzatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo