GARA > Idatzia > Kultura

Giro ona eta maila itzela Altsasun atzo ospatu zen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Maialen Akizuk eta Miren Amurizak jantzi zuten txapela Burunda frontoian jokatu zen bertsolari gazteen xx. lehiaren edizioan. Bertan nabaria izan zen nesken parte-hartze kopuruaren igoera.

GARA | ALTSASU

Giro ezin hobearekin jokatu zen atzo Altsasun Euskal Herriko XX. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Bai goizean eta bai arratsaldean, jende asko hurreratu zen frontoira. Zaleek euren lagunei egindako pankartek eta jotako txaloek alaitu zuten saioa.

Burunda frontoian jokatu ziren adinaren arabera bereiztutako talde bien finalak. Goizeko 11:00etan 14 urtez azpiko neska-mutilak lehiatu ziren, eta arratsaldeko 15:30ean 15 urtetik 18ra bitartekoak. 14 urtez azpikoen mailan Mailaen Akizuk jantzi zuen txapela, eta Maddiane Txoperena izan zen bigarrena. Akizu Urretxuarra da eta 12 urte ditu. Txoperena ostera, hendaiarra da eta 14 urte ditu. Horrenbestez, hauxe izan da Txoperenak 14 urtez azpikoetan kantatzen duen azken aldia.

Maia itzela

15 urtetik 18rakoen artean bizkaitarrek eraman zituzten lehen bi sariak. Izan ere, Miren Amuriza berriztarra izan zen txapelduna, eta Jone Uria algortarra bigarrena. Edozelan ere, parte hartzaile guztiek eman zuten maila itzela. Saio txukuna osatu zuten gazteek, maila ona erakutsiz. Bai Uria eta bai Amurizak aurtengoa dute eskolarteko txapelketan kantatzen duten azken aldia. Biek ala biek 18 urte beteta dituzte eta Bizkaiko txapelketa nagusian parte hartuko dute aurtengo udazkenean.

Neska asko

Txapelduna aukeratu aurretik galbahea pasatu behar izan zuten bertsolariek. Izan ere goizean 14 hasi ziren kantuan eta bai baten inguruan bertsoa bota behar izan zuten lehenengo; ostean, lau oinak jarri zizkien Rekondok bertso bana egiteko eta gero, ofizioka kantatu behar izan zuten zortziko txikian. Ariketa horiek amaitu ostean, sei bertsolarik egin zuten aurrera eta haien artean jokatu zen txapela. Maialen Akizu, Maddiane Txoperena, Amaia Elizagoien, Eñaut Saldumbide, Mikel Cherbero eta Johaiñe Sarraillet izan ziren galbahea pasatu zutenak. Hitza emanda bertso bana osatu behar izan zuten, eta ofizioka jardun ziren zortziko handian. Hor erabaki zen Akizu izango zela txapeldun.

Nagusien artean Ander Solozabal, Jone Uria, Miren Amuriza, Ane Labaka, Ximun Cazaubon eta Mattin Luku izan ziren galbahea pasatu zutenak eta ostean kartzelako lana izan zuten: puntuari erantzun eta gai baten inguruan bertso bi.

Azpimarratzeko izan zen parte hartzaileen artean izandako neska kopurua. Izan ere, 14 urtera artekoan artean, hamalautik bederatzi izan ziren neskak. Azken urteetan nabarmen hazi da nesken kopurua bertso eskoletan eta eskolarteko txapelketetan argi ikusten da hori. Maialen Akizuri Julen Zelaietak jantzi zion txapela eta Altsasuko alkateak eman zion oroigarria. Miren Amurizari Koldo Tellituk jantzi zion txapela eta Iñaki Murua Euskal Herriko bertsozale elkarteko lehendakariak eman zion oroigarria.

Alaitz Rekondo izan zen aurkezlea atzo eta honakoak aritu ziren epaile lanetan: Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula, Bakarne Urreaga, Eneko Bidegain, Joxema Leitza eta Erik Etxart.

Lagunak

Txapelez eta oroigarriaz aparte, bestelako saria ere jasoko dute parte hartzaileek: txikien mailakoek egun pasa egingo dute Donostian estropaden aitzakian eta nagusiek bost egun pasatuko dituzte Hueskan. Miren Amuriza nagusien mailako txapeldunak kantatu zuen moduan, bistan egon da lagun arteko lehiaketa dela eskolarteko bertsolari txapelketa. Izan ere, azken urteetan egin den lanak (bertso udalekuak, barnetegiak, bertso lantegia...) lehia hutsetik urrunago doan harremana sortu du parte hartzaileen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo