GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Aznar, Malabon zain dauzkak

Hitz ez ezik deiadar egiten dute zenbait isiltasunek. Adibidez, Simon Mann mertzenario ingelesaren aurka iragan astean Malabon hasi zen epaiketari buruz Estatu espainoleko hedabide ia den-denek onartu bide duten «albiste itzalaldiak». Norbaitek erregutu/agindu dielako ala berezko ganoragabe hutsak direlako? Benetan uste ote dute egun espainiar diplomaziak, Afrikan behintzat, duen kaka-nahasterik kirastuena hobeto kudeatuko dela iritzi publikoa ezjakinean edukita? Edota, «erreferentziazko lehen egunkariak» duela astebete egiten zuen moduan, 25.000 karaktereko erreportaje batean Obiangen diktaduraren aurkako topiko guztiak jasotzeko bai baina 2004ko gertaera erabakigarri haiek aipatzeko betarik aurkitzen ez duenak... nori egin nahi dio mesede? Irakurleei? Demokraziari? Estatuari? Konpaiei?

Mannen epaiketa, espero legez, lehen mailako albistea izaten ari da ia Afrika osoan; eta britainiar edo frantziar hedabide serioenak ere jarraipen zuzena egiten ari dira. Gauza askotxo daudelako jokoan, Mann beraren lepotik hasi eta herrialde hartako petrolio putzuetan amaituz. Eta, igar zitekeen legez, 2004ko martxoko estatu kolpe saioaren habe nagusiak agerian uzten ari da epaitua, beste defentsa biderik ez daukalako. Bera, konplotean pioi bat -hori bai, kualifikatua eta armaduna- zela azpimarratzen, alegia. Severo Moto, kolpearen «arduradun politikoa», beste pioi bat litzatekeen moduan. Nor zen «nagusia» abentura hartan, beraz? Mark «Scratcher» Thatcher ama-semea, lehen ere hamaika bider aipatua, Hegoafrikan jada arinki zigortua konplot hargatik, orain Espainian babestua... ederki kakaztuta geratzen ari da. Ely Calil negoziante ilunarekin batera. Litekeena da Espainiak ginear justiziaren (?) estradizio eskaerei aurre egin beharra edo, trukean, ordain ekonomiko eta politiko potoloak eskaini behar izatea. Edota biak batera.

Gero eta gardenago nabarmentzen ari baita, Malaboko epaiketan ere, erdipurdizko sekretu haren egia konplitua: konplotaren benetako nagusia Jose Maria Aznar zela; eta helburua, Obiangen ordez Moto morroia ipintzea hango petrolioa banatzen. Kolpea 2004ko martxoaren 14ko espainiar hauteskundeak baino lehen programarazi zietela mertzenarioei, aitortu du Mannek. Nork? Argi dago: urte hartako otsailaz geroztik Canarias fragata eta Patiño laguntza-gerraontzia Ekuatore Gineako kostaldera bidaltzeko eskumena zuen hark berak, noski.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo