GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Erlo Telebistak euskara hutsezko webgunea jarri du abian

Erlo Telebista Azpeitia eta Zarautz inguruan ikusten den hedabidea da, nahiz eta zabaltzeko asmo argia duen. Martxan jarri duten webgune berriarekin, gainera, muga hori gainditu eta eskaintzen duten tokiko informazioa interesa duen edonoren eskura jarri dute.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Bi arrazoik eraman zituzten Erlo Telebistako arduradunak Internetera salto egitera. Lehenik eta behin, gero eta gehiago erabiltzen den hedabidea izateak. Horrez gainera, daukan indarra ere aprobetxatu nahi izan dute, edonork ikus baitezake edonon. «Kanpoan lan egiten duenak edota oso urrun bizi den norbaitek hemengo albisteak ikusteko aukera izango du», azaldu du Urtzi Oteizak, arduradunetako batek. 1991tik daramate telebistaz Azkoitia, Azpeitia, Getaria eta Zarautzeko informazioa eskaintzen. Horrez gainera, Zestoa, Aia, Aizarnazabal, Orio, Zumaia, Errezil eta Beizamara uhinen bidez iristeko nahia ere azaldu dute.

Interneteko guneari dagokionez, telebistan ematen dituzten eduki mota guztiak ikusteko aukera dago. Izan ere, Urtzik azaldu duenez, zintzilikatuta astebete irauten dute. Edukiak epez pasatzen direnean ez dago arazorik, baina denbora gehiago beharko luketenak hain azkar kentzea ez da beti Erlo Telebistako kideek nahiko luketena. Aldiz, ez dute beste aukerarik, espazio mugatua baitute. Horregatik, datozen hilabeteetan sartu nahi duten lehen berrikuntza leku gehiago lortzea izango da.

Lau hilabete soilik darama ikusgai telebista honen guneak eta lehenengo harrera positiboa izan dela azaldu du Oteizak. Horrez gainera, ikusleen iradokizunak jasotzeko atalak ere sartu dituzte. Esate baterako, www.erlotelebista.com gaur bisitatuz gero webgune berriaz inkesta bat ikus daiteke, publikoaren iritzia jasotzeko asmoz. Era berean, telebistaren nondik norako nagusiak azaltzen dituen atal bat ere aurki daiteke.

Bideo eta albiste atalak dira, ordea, gunearen pisu nagusia daramatenak, bertan ikus baitaitezke uhinen bidez zabaltzen direnen arteko gauzarik «garrantzitsu eta interesgarrienak». Han «saltseatzeko» eta iritzia emateko deia egin dute telebistatik. Bera, badakizue: www.erlotelebista.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo