GARA > Idatzia > Errugbia

Biarritz bere helburuetatik urrun geratu den bitartean, Aviron baionakoak ederki bete ditu asmoak

Biarritzek eta Avironek oso denboraldi ezberdina izan dute. Zuri-gorriek helburuak bete ez dituzten bitartean, zuri-urdinek ederki bete dituzte. Datorren urtean ere euskal errugbiaren ikurrak izaten jarraituko dute, eta aurten egin ez dutena betetzen saiatuko dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek eta Avironek oso bestelako denboraldia egin dute. Zuri-gorriek azken hamarkadako sasoi eskasena egin duten bitartean, zuri-urdinek azken hamarkada honetan egindako denboraldirik onena egin dute. Helburuak ere oso ezberdinak zituzten, baina Biarritzek bete ez dituen bitartean, hiriburukoek erabat bete dituzte.

Biarritzek Liga eta Heineken Kopa irabazteko helburua jarri zuen. Hori bai, erronka bera talde batek baino gehiagok zuela jakinda, gutxienez bi lehiaketa horietako finalerdietan izatea jarri zuen jomugan. Azkenean baina, ez bata, ez bestea, ez du ezer ere lortu. Datorren urtean Heineken kopan izateko aukera bakarrik gauzatu dute eta talde zuri-gorriarentzat oso emaitza kaskarra da hori. Iaz gauzak ez zitzaizkien ongi atera, eta hura ez errepikatzeko taldea sendotu, eta hobetu dute, baina aurtengoan ere denboraldi osoa ezinean pasatu dute.

Aurtengo sasoia inoiz baino beranduago hasi zen Munduko Txapelketa dela-eta. Hastapen negargarria izan zuen Biarritzek, Ligan ez baitzuen batere asmatu. Horrenbestez, Europako lehiaketa hasteko irrikaz zeuden lapurtarrak bertan hobera egingo zutelakoan; aldiz, emaitza onak ez ziren heldu. Taldeko entrenatzaileak kanporatuko zituztenaren zurrumurruekin batera hasi ziren emaitzak apur bat aldatu eta hobetzen.

Biarritzek, azken urte hauetan, entseguak egiteko erraztasun handia erakusten zuen, eta berari egiteko, berriz, lan asko egin behar zuten aurkariek. Aurten, ordea, dena bestelakoa izan da. Hala ere, atzeko lana sendotu zutenean, emaitzak apur bat hobetu ziren.

Ligan apurka-apurka gorantz egin zuten, eta lehen lauretan sartu ziren, nahiz eta jokoak ez zuen aparteko konfiantzarik ematen. Lehenengo zaplaztekoa, ordea, Europan etorri zen, lehen fasea ez baitzuten gainditu, eta hori sekulakoa izan zen.

Ligako azken txanpan jokoak hobera egin zuen, eta ongi kokatuta iritsi zen taldea azkeneko bi hilabetetara, baina apirila negargarria izan zen, Biarritzek ez baitzuen partida bat bera ere irabazi. Ondorioz, lehen lau postuetatik kanpo geratzeaz gain, Heineken Koparako txartela ere kolokan izan zen. Aldiz, amaiera itxurosoa eman zion Ligari eta Europako txartela lortu zuen, Ligako finalerdietan sartzerik izan ez bazuen ere.

Denboraldi amaiera honetan, gainera, Biarritzek izan duen jokalaririk garrantzitsuenetakoaren agurra ere izan da, Serge Betsenek taldea utzi baitu. Biarritzekin hiru Liga eta Kopa bat irabazi ditu, eta final bat baino gehiago ere jokatu ditu, tartean Heineken Kopako finala.

Avironen helburuak, berriz, bestelakoak ziren. Helburu nagusia mailari eustea zen, eta ahal baldin bazen, iaz pasatako larritasunik gabe. Ligari hasiera ezin hobea eman zioten zuri-urdinek, eta sailkapeneko lehen postuetan ere kokatu ziren.

Lapurdiko hiriburukoek etxean puntu ia denak lortzen zituzten, baina Jean Dauguer zelaitik kanpo jokatzen zutenean, ez zuten puntuak pilatzerik. Horrelakoetan, etxean irabazteari uzten zaionean, atzeraka hasten da, eta urte berriarekin batera emaitzak okertu egin ziren. Entrenatzailearen eta zuzendaritzaren artean ere iskanbila dezente izan ziren eta, azkenean, Avironek beherako bidea hartu zuen.

Inoiz ez zen jaitsierako postuetan kokatu, baina kezka sortu zen. Hala ere, gauzak ongi bideratu zituen, eta Liga amaitzeko bi jardunaldi geratzen zirenean helburua lortuta zegoen, iaz pasatako larrialdirik gabe gainera. Bestalde, aurten Daniel Larretxea itzuli da Avironera bi urte Ingalaterran aritu ostean. Aldiz, Richard Dourthek, azken urte hauetako taldeko jokalari garrantzitsuenetakoak, jokatzeari utzi dio eta zuzendari tekniko berria izango da aurrerantzean.

Bi taldeen arteko derbiak ere beroak izan dira, baina bietan Biarritzek lortu du garaipena, bai Jean Daugurren, baita Agileran ere. Hala ere, bi taldeen artean aspaldiko urtetan egon den alderik txikiena egon da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo