GARA > Idatzia > Euskal Herria

Askorentzat gau magikoaren osagarri nagusia; gutxi batzuentzat, lana

Suak hartuko ditu bihar kale bazterrak. San Joan bezperan tradizioa da sua piztea, espiritu txarrak uxatzeko omen jatorrian. Egun jaiaren osagarri garrantzitsu bilakatu da. Baina sua lana ere bada, galde gainontzean piztea edota itzaltzea tokatzen zaienei.

Suari gauez begiratuz gero, pixa egingo duzu ohean». Gisa horretan «beldurtzen» gintuzten etxean traba egiten genuen lekutik urruntzeko. Gogoan daukat, ordea, San Joan gaua salbuespena zela, orduan etxekoak eurak eramaten gintuzten batean eta bestean egiten ziren suak ikustera, egun hartan ez genuen ohean pixa egiteko arriskurik, nonbait. Salbuespena zen gau hura eta inondik ere magikoa. Salbuetsitakoak ziren aurreko egunak ere, bizikleta hartu eta gure kasa sua ahalik eta handiena izan zedin traste zaharrak non topatuko ibiltzen baikinen; orduan bai, orduan, tamaina zen garrantzitsuena. Gero eta gutxiago ikusten dira neska-mutilak sutara zer botako bila, baina oraindik ere zaleak dira harrapatutako guztia sutarako batzen.

Rosario Pikabea hernaniarra arakatze lanetan ari da azken asteotan. Bera arduratzen da San Joan bezperan plazan pizten den suarentzat «jana batzen». Jada eskarmentu pixka bat badu eta oso argi dauka zer nolako osagarriak topatu behar dituen: «Suaren oinarrian lehorragoak diren belar xeheak jarri behar dira suak errazago har dezan. Gero, igotzen goazen heinean, hosto sendoagoak, erretxinatsuagoak, gehiago iraun dezan».

Bestelako traste zaharrik edo ez diete eransten. «Guk plazaren erdian egiten dugu sua eta beraz, kontu handia izan behar dugu, oso su kontrolatua izan behar da. Inoiz sartu izan dugu, adibidez, egurrezko fruta kaxaren bat edota papera, baina eguraldia oso-oso hezea bada, gainerakoan ez», azaldu du Rosario Pikabeak. Hala ere, jakitun da San Joan suaren aitzakian zenbaitek erre behar ez direnak ere erretzen dituela: «Jende batek San Joan suari probetxu atera eta altzari zaharrak edo gurpilak erretzen ditu. Izatez, debekatuta dago, baina... Gainera, toxikoa da, kasu horietan ezin da suaren ondoan ari begira egon».

Ez pisuaren kontrolik ez eta teknika zehatzik; pila egiterakoan baserrietako metak dituzte eredu eta horiek irudikatzen dituzte mendian batutako osagaiekin. Sua mugatua izan dadin saiatzen dira eta, lurra ondatu ez dadin, hondarra erabiltzen dute. Azken orduan egiten dute «eraikitze lana». 21.30etan pizten da sua Hernaniko plazan eta zortziak aldera hasiko dira bihar pila osatzen.

Aurten kezka apur bat badute: udaberri hezea egin du eta sua indartzen lan gehiago izan dezakete. «Dagoeneko, ordea, leku pare bat begiak jota ditugu eta bertan nahiko su egur ona dago». Pizteko, berriz, betiko osagaiak baliatzen dituzte: papera eta poxpoluak. Horrenbestez, ez dute erabiltzen «inolako produktu kimikorik sua pizteko».

Pikabearentzat egun garrantzitsua da biharkoa, baina San Joan bezpera beste lan batzuetan aritzen direnentzat ere seinalatua da. Mintxo Ilundain suhiltzailea da Iruñean. Sua etsai izan ohi du gehienetan, baina aitortzen du San Joan sua oso gustuko duela. Aurten zorteko da, lanik ez du eta auzoan egiten den sua ikusteko aukera izango du: «Aurten suaz gozatuko dut, festa bera oso polita baita». Hartzen diren prebentzio neurriak gero eta gehiago dira, eta horregatik ez da ezbehar handirik gertatzen. «Betikoa da, agian aurten ezbeharren bat gerta daiteke inoiz ezin baita jakin, baina orokorrean azken urteetan gutxiago izaten dira».

Hala eta guztiz ere, San Joan bezperan zaintza berezia egin ohi dute suhiltzaileek. «Txinparten batek ihes egin eta sua eragin dezake bazterren batean edota su gainetik salto egitean norbait erre egin daiteke, kasu horietan ere joan izan gara», azaldu du.

Ezin da jakin, baina aurten beste urte batzuetan baino arrisku gutxiago dago printzipioz, oso udaberri euritsua egin baitu eta inguruak heze baitaude. «Lehorrago joan izango balitz agian beldur gehiago izango genuke. Sasoi honetan erein gabe daude lurrak eta kasu horietan sua segituan zabaltzen da», esan du Mintxo Ilundainek.

Kontua izan behar bada ere, suak gartsua behar du. Izan ere, aurrerantzean nahi ez ditugunak ondo erre behar dira, baita, beteko badira, desioak ere.

Maider EIZMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo