San Joan bezperari aurre egingo diote jada ajeak jota dauden eibartarrek
Aurten San Joan eguna asteartez egokitu da eta, horregatik, eibartarrek aurreko asteburuari ere etekina atera nahi izan diote. Hori bai, gaur ere, San Joan bezperan, ez da aspertzeko betarik izango Eibarren. Eguerdian botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, baina gauen San Joan sua piztean helduko da eguneko unerik magikoena. Indarrak ezin galdu, ordea, bihar, herriko jaien egun handian, zer ikusi eta zer gozatu ugari izango baita.
GARA |
San Joan Eguna, jaien egun handia, bihar den arren, asteburu gogorra izan da askorentzat Eibarren. Izan ere, ostiralaz geroztik jai giroak herriko bazterrak hartuta ditu. Gaur, San Joan bezpera, Euskal Herriko beste makina bat txokotan bezalaxe, sua izango da protagonista. Hori, baina, gauean izango da, eta aurretik ere ekimen mordoxka izango dira egun guztian.
Goizean goiz hasiko da jaia. 11.00etan San Joanetako zortzikoa egingo dute Usartza Txistulari Bandaren eskutik eta musikarien laguntzaz. Jaiak hasita badaude ere, 13.30ean botako dute txupinazoa udaletxetik eta txanpanada egingo dute GASTE Elkartea eta Eibarko tabernarien eskutik.
Arratsaldean, besteren artean, musika tresnen tailerra antolatu dute umeentzat -goizean beste saio bat ere izango da-. 19.30ean, berriz, «Vis a vis» ikuskizuna eskeiniko du Trapu Zaharrak antzerki taldeak.
Gauean, suarekin batera, Eibarko dantza garaikide taldearen emanaldia izango da «...eta kitto!!» elkartearen eskutik. Ondoren, Untzaga plazatik abiatuko da Danborradaren Alardea. Goizalderaino parranda egiteko sasoiko dagoenak, urdaila gozatuta oheratzeko aukera izango du, bostetan txokolatea banatuko baitute Untzagan.
Txosna inguruan ere bada zer ikusia eta gozatua sanjoanetan. Izan ere, jai euskaldun, herrikoi eta parekideen aldeko jai batzordeak egitarau oparoa antolatu du jaietarako.
Ostiralean abiatu zituzten ospakizunak eta gaur Gazte Eguna ospatuko dute. Eguerdiko 13.00etarako egina dute zita Untzaga plazan, bertatik abiatuko baita triki-bertso poteoa. Ondoren, herri bazkaria egingo dute txosnetan. Indarrak hartuta, jokoak eta jolasak antolatu dituzte, jarraian berriz ere kalejiran abiatzeko. Gauean, nola ez, sua piztuko dute txosna gunean eta, jaia alaitzeko, herriko perkusionistek ere hartuko dute parte. Eguna eta gaua luzatu nahi duenak, Garraxi taldearekin erromerian dantzatzeko aukera izango du.
Bihar, San Joan egunean, dultzaineroek abiatuko dute eguna. Horiek gidatuko dituzte herritarrak bigantxa bolaztatuak ikustera zezen plazaraino. Eguerdian San Joan Tiro Txapelketa Nagusia egingo dute usakumeekin Arraten. Eta arratsaldean, besteak beste, haurren danborrada egingo da Urkizutik abiatuta. Danbor Nagusiak haurren pregoia irakurriko du. Egunari amaiera emateko, su artifizialak ikusteko aukera izango da. Pirotecnia Zaragozana su etxeak jaurtiko ditu gauerdian.
Udaletxetik suziria bota bezain laster, GASTE elkarteak eta herriko tabernariek antolatu duten txanpanada abiatuko da eraikinaren ataritik.
Txosnetako programan Gazte Eguna antolatu dute gaurko. 13.00etan abiatuko dira kalejiran herriko kaleetatik zehar eta, 14.30ean, herri bazkaria egingo dute txosna gunean.